PENTSATU
Gaur jada ez da beharrezkoa denda fisiko batera edo merkataritzagune handi batera joatea produktuak erostera edo zerbitzuak kontratatzera; hori guztia etxean edo nahi duzun lekuan egin dezakezu, sarera konektatu baino ez ez dugu egin behar. Gainera, zuzenean eramaten dizkizute etxera.
Egun, enpresa gehienek lineako salmenta-puntua daukate. Are gehiago, horietako askok ez daukate salmenta-puntu fisikorik. Horrek kostuak merkatzen ditu, hau da, ez da ezer gastatzen lokal bat alokatu edo erostean, ura eta argia erabiltzean edo jendeari arreta emateko langileak kontratatzean; horrek ez du esan nahi lineako enpresek langilerik behar ez dutenik, baina langile gutxiago kontratatu behar dituzte. Lineako dendek erosketen malgutasuna areagotzen dute: eguneko 24 orduetan eros dezakezu, asteko edozein egunetan, eta horri esker bezero gehiago erakar ditzakete.
Hala ere, CO2 emisio handiak eragiten ditu, hondakin asko, askotan pentsatu gabe eta alferrik erostea, beste arazo batzuk ahaztu gabe: auzoetan merkataritza-sarea galtzea, ekoizpenen eta trukaketa komertzialen deslokalizazioa, produktuen datu engainagarriak eta webgune engainatzaileak, datu pertsonalen erabilera eta abar.
BAZENEKIEN...
Bestalde, eragozpen batzuk ere badakartza, esate baterako, ezin da produktua fisikoki ikusi, probatu eta benetan nahi duguna dela ziurtatu. Kontsumitzaile gehienei merkataritza-formula horri aurre egitean sortzen zaizkien zalantza nagusiak hauek dira.
Internet bidez erosketa segurua egiterakoan, lehen gomendioa ondo informatuta egotea da: non ari garen erosten eta nori, alegia, nor dagoen saltzeko edo zerbitzu bat emateko webgune baten atzean.
EROSIKO DUGUN WEBGUNEAREKIKO KONFIANTZA
Egiaztatu behar da enpresa behar bezala identifikatuta dagoela: izena edo izen soziala, helbide fisikoa eta helbide elektronikoa, telefono-zenbakia, IFZa, merkataritza-erregistroko inskripzioaren datuak… Datu horiek webgunean agertu behar dute nahitaez eta, zalantzarik egonez gero, ez dugu helbide fisikorik ez duten edo komunikatzeko mugikor-zenbaki bat baino eskaintzen ez duten guneetan. IGZLk (Informazio Gizartearen Zerbitzuen Legeak) datu horiek guztiak merkataritza-elektronikoko orri guztietan sartzera behartzen du.
Horrez gain, auziak linean ebazteko plataformarako (ODR) esteka elektroniko bat eskaini beharko dute (EBren 524/2013 Erregelamendua) eta, enpresek konpromisoa hartu baldin badute erosketan sortzen diren gatazkak horiek ebazteko erakundeen bidez (Espainian, kontsumoko arbitraje-batzordeen bidez) ebazteko, erakunde horietarako esteka elektronikoa emango dute.
ORDAINKETA SEGURUA
Beti ez da txartelaz ordaindu behar. Lineako transakzioetarako zenbait ordainketa-metodo daude: kreditu-txartela, jasotzean ordaintzea, konturako sarrerak/transferentziak, ordainketa elektronikoko sistemak (adibidez, PayPal), mugikorraren bidezko ordainketak… Saltoki bakoitzak komenigarriak iruditzen zaizkionak baliatzen ditu.
Zenbait bankuk soilik Interneten ordaintzeko asmatutako txartel birtualeko zerbitzu bat eskaintzen dute. Cybertxartela deitzen diote, doakoa da eta hori eskuratzeko datu pertsonalik eman behar ez denez, pribatutasuna eta anonimotasuna bermatzen da.
Informazio pertsonala eta gure kreditu-txartelaren zenbakia sartzekotan bagaude, ziur egon behar dugu transakzioa guztiz segurua izango dela. Horretarako, honako hau egiaztatu behar dugu:
Webgunearen helbidea HTTPS letrekin hasten da. Webguneen helbideak, oro har, HTTP letrekin hasten dira. Ordainketak egiteko sortutako orriak, aldiz, segurtasun handiagoa behar dutenez, HTTPS letrekin hasten dira (HTTP Segurua). Horrez gain, helbidearen eskuinaldean giltzarrapo baten ikonoa ikusi ahalko dugu; orriaren segurtasunari buruzko informazio gehiago ematen du. «Segurtasun-ziurtagiria deritzo».
Denda batzuek Confianza Online zigilu bat ere eskaintzen dute; horren helburua da Interneten erabiltzaileen konfiantza bermatzea bereizgarri baten bidez (Confianza Online zigilua).
Confianza Online jarduketa egokien kode bat daukan elkarte bat da, eta horri atxikitako Interneteko eta merkataritza elektronikoko enpresek kodea sinatzeko eta betetzeko konpromisoa hartzen dute.
EROSKETAREN BERMEAK
Erosketaren zati informatikoaz gain, denda birtualak erosten ari garen produktuari buruzko berme argia eskaini behar digu. Web orrian honako hauen inguruko informazioak agertu behar du: emateko epeak, ordaintzeko moduak, arrazoirik azaldu gabe erosketari uko egiteko eskubidea, itzulketa-politika, produktuaren edo zerbitzuaren ezaugarriak eta haren bermeak.
Erosteko erabakia hartutakoan, kontratuaren baldintza orokorrak arretaz irakurri behar dira; izan ere, baldintzak onartzeko lauki bat markatzea kontratu bat sinatzearen baliokidea da.
Kontuz irakurtzea eta kopia bat inprimatzea eta gordetzea da komenigarriena. Dena den, hori baino lehen, erosketaren laburpena berrikusi behar da, baita guztizko prezioa ere (bidalketa-gastuetan edo zehaztuta ez dagoen beste edozein kontzeptutan arreta berezia jarriz), eta zaindu behar da sartutako datu pertsonalak transakziorako ezinbestekoak direnak izatea. Horrela, spama (zabor-posta) edo nahi ez dituzun telefono-deiak heltzea saihestuko duzu.
Gogoratu zure datuak orrian sartzean webgunearen pribatutasun-politika aintzat hartu behar duzula. Enpresek datu horien xedea jakinarazi, eta datuok zuzentzeko edo ezerezteko aukera eman behar dute. Halaber, ezin dizkiete datu horiek hirugarrenei laga zuk berariaz baimendu ezean. Nolanahi ere, pribatutasun-politika horrek argi eta garbi argitaratuta egon behar du webgunean, eta bildutako datu guztiek Datuak Babesteko Espainiako Bulegotik pasatu behar dute.
Gehiegizko jardunbideak merkataritza elektronikoan.
Merkataritza-jardunbide desleialak edo gehiegizkoak dira enpresaburu batek kontsumitzaileekiko harremanean izaten dituen egintza, jokabide edo adierazpen komertzial guztiak (publizitatea eta merkaturatzea barne), baldin eta arreta profesionalen eta fede onaren eskakizunen aurka badaude. Merkataritza elektronikoari eta fisikoari dagokio.
Ideia horrek barnean hartzen ditu bi mota nagusitako jardunbideak, kontsumitzaileei zuzendurikoak, beren jokabidean eta erabakietan eragina izaten dutenak; izan ere, jardunbide horien ondorioz gerta daiteke kontsumitzaileek informazio egokia eta argia izanez gero hartuko ez lituzketen erabakiak hartzea:
Jardunbide engainagarriak, hau da, zerbait egitea (informazio faltsua ematea) edo zerbait ez egitea (informazio garrantzitsua ezkutatzea).
Erostera behartzeko jardunbide oldarkorrak.
Merkataritza-jarduera horiek desleialak dira “kasu guztietan eta edozein egoeratan”; honako hauek dira, adibidez:
Jokabide-kodeekin edo beste kalitate-bereizgarri batzuekin zerikusia duten jardunbide engainagarriak; adibidez, enpresaburua jokabide-kode bati atxikita dagoela esatea, egia ez denean, edo konfiantza- edo kalitate-zigilu bat edota bereizgarri baliokide bat jartzea, horretarako behar den baimena lortu gabe.
Apeu-jardunbideak eta engainuzko sustapen-jardunbideak, adibidez, “eskaintza hutsa” delakoa, non enpresariak, produktu edo zerbitzuren bat prezio jakin batean eskaini ondoren, gehienetan oso prezio lehiakorrean, kontsumitzaileak erakartzeko asmoz, ez baitu aurreikus daitekeen eskariari aurre egiteko behar beste izakinik; beste batzuetan, kontsumitzaileari automatikoki sari bat eskaintzen zaio, baina gero sari hori ez da entregatzen.
Produktu edo zerbitzuen izaera eta ezaugarriei, eskuragarritasunari eta saldu ondoko zerbitzuei lotutako jardunbide engainagarriak, hala nola produktu edo zerbitzu batek gaixotasunak, disfuntzioak edo malformazioak osa ditzakeela esatea.
Salmenta-jardunbide piramidalak, hala nola salmenta-plan piramidal bat sortzea, zuzentzea edo sustatzea, non kontsumitzaileak edo erabiltzaileak kontraprestazio bat ematen baitu, batez ere beste kontsumitzaile edo erabiltzaile batzuk planean sartzen direnean (eta ez produktuak edo zerbitzuak saltzen direnean) sortzen den konpentsazio bat jasotzeko aukeraren truke.
Nahasmena sortzen duten jardunbide engainagarriak, adibidez, enpresari edo profesional batek merkaturatu duenaren antzeko produktu edo zerbitzu bat sustatzea, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei, nahita, sinestarazteko produktu edo zerbitzu hori enpresari edo profesional harena dela, bestela bada ere.
Merkataritza-jardunbide ezkutuak, hala nola produktu edo zerbitzu bat sustatzeko informazioa hedabideen bidez zabaltzea, enpresariari sustapen horregatik dirua ordainduta, edukian iragarki bat dela argi eta garbi esan gabe edo kontsumitzaileek edo erabiltzaileek identifika ditzaketen irudi edo soinuak erabili gabe.
Beste jardunbide engainagarri batzuk, adibidez, legeriak kontsumitzaileei edo erabiltzaileei ematen dizkien eskubideak enpresariaren edo profesionalaren eskaintzaren ezaugarri berezi balira bezala aurkeztea; merkatuko baldintzei edo produktua edo zerbitzua aurkitzeko aukerari buruz informazio okerra eta faltsua ematea, kontsumitzailea edo erabiltzailea produktu edo zerbitzu hura merkatuko baldintza normalak baino okerragoetan kontratatzera bultzatzeko.
Derrigortzearen bidezko jardunbide oldarkorrak, hala nola kontsumitzaileari edo erabiltzaileari sinestaraztea kontratua egin gabe ezin dela irten enpresariaren establezimendutik edo lokaletik, salbu eta jokabide hori arau-hauste penala bada.
Jazarpenezko jardunbide oldarkorrak, hala nola kontsumitzailearen edo erabiltzailearen etxera pertsonalki joatea, etxetik alde egiteko eta berriro ez itzultzeko eskaerei jaramonik egin gabe.
Adingabeei zuzendutako publizitate-jardunbideak, gurasoei eska diezaieten produktu bat erosteko edo zerbitzu bat kontratatzeko.
Beste jardunbide oldarkor batzuk, hala nola kontsumitzaileari edo erabiltzaileari esatea produktua edo zerbitzua kontratatzen ez badu, arriskuan jartzen duela enpresariaren edo profesionalaren lana eta bizibidea.
Bestalde, eta jardunbide horiei lotuta: abusuzko klausulak dira banaka negoziatu ez diren estipulazio guztiak, enpresariak eztabaidatzeko aukerarik gabe ezarritakoak, baita esanbidez onartu ez diren eta –fede onak eskatzen duenaren kontra eta kontsumitzaile edo erabiltzailearen kaltetan– kontratuaren ondorioz aldeek eskuratzen dituzten eskubideen eta betebeharren artean desoreka handia eragiten duten jardunbide guztiak ere:
Kontratuetako abusuzko klausulak erabat deusezak izango dira eta jarri gabetzat hartuko dira.
Epaileak soilik adieraz dezake kontratuko abusuzko klausulak deusezak direla; dena den, kontratuak nahitaez bete beharrekoa izaten jarraituko du aldeentzat, baldin eta klausula horiek gabe indarrean iraun badezake. Edonola ere, abusuzko klausulak izango dira honako hauek:
Kontratua enpresaburuaren borondateari lotzen dutenak; adibidez, kontsumitzaile eta erabiltzailea kontra agertu ezean iraupen jakineko kontratu bat automatikoki luzatzeko aukera aurreikusten duten klausulak, ez luzatzeko borondatea eraginkortasunez adieraztea eragozten duen epemuga bat ezartzen dutenak.
Kontsumitzailearen eta erabiltzailearen eskubideak mugatzen dituztenak; adibidez, kontsumitzaile eta erabiltzaileari bere legezko eskubideak kentzea edo murriztea, modu desegokian, enpresaburuak bere betebeharrak guztiz edo partez bete ez dituelako edo oker bete dituelako.
Kontratuak elkarrekikotasunik ez izatea dakartenak; hala nola kontsumitzaile eta erabiltzailea bere betebehar eta kontraprestazio guztiak betetzera behartzea, enpresariak bereak bete ez dituen kasuan ere; edo uko-egite kasurako kontsumitzaileak ordaindutako kopururen bat atxikitzea, hein bereko kalte-ordaina aurreikusi gabe enpresariak uko egiten duenerako.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileari neurriz gaineko bermeak ezartzen dizkiotenak edo ez dagokionean frogaren karga ezartzen diotenak, kontratuko beste alderdiarena behar lukeen kasuetan.
Kontratua hobetzeari eta gauzatzeari dagokionez neurriz gainekoak direnak, hala nola legez enpresaburuari dagozkion dokumentazio- eta izapide-gastuak kontsumitzaileari ezartzea.
Lehiari eta aplikatzekoa den zuzenbideari buruzko erregelen kontra doazenak; adibidez, kontsumitzaile eta erabiltzaileak itunez espresuki adierazi behar izatea bere bizilekuaz, betebeharra betetzeko lekuaz edo ondasuna –higiezina bada– dagoen lekuaz besteko epaile edo auzitegi bati menderatzen zaiola.
Zerrenda osoa azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginaren 85. artikulutik 90. artikulura bitartekoetan dago, jarraian ematen den estekan: BOE
Merkataritza elektronikoan, abusuzko jardunbide ohikoenak honako hauek dira:
1) Gutun nigeriarrak
Ezusteko komunikazioa da, gutunen bidez eta, batez ere, mezu elektronikoen bidez; igorleak negozio oso errentagarriak eskaintzen ditu. Gutun "nigeriarrak" deitzen zaie, hasiera batean, igorleek nigeriarrak edo Afrikako beste herrialde batzuetakoak zirela esaten zutelako. Gestio erraz batzuk eginda diru asko irabazteko itxaropena da iruzurgileek erabiltzen duten "gantxoa", biktimek oinarrizko segurtasun-neurriak ahatz ditzaten.
Nola funtzionatzen du?
Igorle ezezagun bat balizko biktimarekin harremanetan jartzen da eta istripuan edo iraultza politiko batean bizitza galdu duen Gobernuko kide baten edo negozio-gizon inportante baten abokatua, familiakoa edo lagun hurkoa dela esaten dio. Hil aurretik, pertsona horrek diru kopuru handi bat sartu zuen banku-kontu batean. Igorleak ziurtatzen du kontuan sartzeko legezko baimena duela eta dirua atzerriko kontu batera transferitu nahi duela. Balizko biktimaren izena eta helbidea beste pertsona baten gomendioz edo kasualitatez aurkitu duela eta biktima diru-transferentzia egiten lagundu ahal dion konfiantzazko pertsona bakarra dela dio. Laguntzeagatik, biktimari diru kopuruaren portzentaje bat emango diola hitzematen du eta diskrezioz jokatzeko eskatzen dio, negozioa burutzeko. Biktimak banku jakin batean kontu bat ireki behar du, dirua jasotzeko. Iruzurraren hurrengo fasean, iruzurgileak diru-transferentzia bidean dagoela konbentzitu behar du biktima. Horretarako, itxuraz ofizialak diren dokumentuak bidaltzen dizkio biktimari, baita gutun eta banku-mugimendu faltsuak ere. Iruzurgileek hainbat gutun, mezu elektroniko eta fax trukatzen dituzte biktimarekin eta telefonoz deitzen diote, konfiantza har dezan; hori guztia, ahalik eta datu pertsonal gehien lortzeko. Iruzurgileek biktimaren konfiantza lortuta, diru osoa laster jasoko duela sinestarazi ondoren, jakinarazten diote dirua entregatzea eragozten duten ezusteko arazo batzuk sortu direla: ezinbestekoa da biktimak zerga batzuk, tasa berezi batzuk edo abokatu baten zerbitzu-sariak ordaintzea. Iruzurgileek ziurtatzen dute ordainketa hori biktimak egin beharko duen azkena izango dela.
Hala ere, ordainketa horren ostean, ordaindu beharreko zerga eta tasa berriak sortzen dira, biktimak susmoa hartzen hasi arte. Biktimak ordaintzeari uzten dionean, iruzurgileak desagertu egiten dira. Batzuetan, denbora igarota, berriz jartzen dira harremanetan biktimarekin; iruzurra ikertzen ari direla esaten diote eta dirua berreskuratzeko laguntza eskaintzen diote. Horren helburua biktimarengandik diru gehiago eskuratzea da, ikerketaren kostuak ordaintzeko aitzakian.
Zer egin horrelako gutun bat jasotzen duzunean?
- Ez erantzun.
- Inoiz ez eman banku-datuak, ezta datu pertsonalak ere.
Zer egin jada erantzun badiezu edo diru kopuru bat ordaindu baduzu?
- Gorde jasotako dokumentu guztiak eta bidalitako mezu guztiak.
- Gorde transakzioen dokumentazioa osoa.
- Jarri harremanetan poliziarekin eta hark emandako argibideei jarraitu.
2) Phishing delakoa
Nola funtzionatzen du?
Iruzurgileek mezuak bidaltzen dituzte, datuak egiaztatu behar dituzten banku-erakundeen plantak eginez, biktimen informazio pertsonala lortzeko (kreditu-txartelaren zenbakiak, pasahitza eta abar). Biktimak jasotzen duen mezuan, banku-kontuaren datuak eguneratzeko edo egiaztatzeko eskatzen zaio. Horretarako, bankuarenaren itxura duen (baina bankuarena ez den) webgune batean sartzeko eskatzen zaio biktimari. Iruzurgileek biktima engainatzeko eta bere banku-kontua begiratzeko behar den informazioa ematera behartzeko asmoz sortutako webgune bat da.
Nola saihestu?
- Zure datu pertsonalak edo finantzarioak eskatzen dizkizun mezu elektroniko bat jasotzen baduzu, ez erantzun, eta ez sakatu mezuan agertzen den esteka.
- Inoiz ez eman finantza-datuak Internet bidez, benetako bankuek inoiz ez baitute horrelakorik eskatzen.
- Mezu elektronikoa ustez bidali duen bankuari horren berri eman.
- Erabili antibirusa eta firewalla, eta eguneraturik mantendu. Mezu elektroniko batzuek ordenagailua kalte dezakeen edo zure Interneteko jarduera zu konturatu gabe jarraitzen duen softwarea daukate.
3) Loteriak
Estatuko Loteriak ohartarazten du iruzur horretaz bere web orrialdean. Loteriako iruzurren kopurua ikaragarri handitzen ari da. Askotan, iruzurgileek "El Gordo", "El Niño" eta antzeko izenak erabiltzen dituzte, Estatuko Loteria dela sinestarazteko.
Nola funtzionatzen du?
Prozedura hauxe da: biktimak loteria tokatu zaiola esaten duen mezu elektroniko bat jasotzen du, inolako zozketan parte hartu ez badu ere. Dirua jaso ahal izateko, agente batekin harremanetan jartzeko eskatzen zaio. Kontsumitzailea agentearekin harremanetan jartzen da eta hark nortasuna egiaztatzeko formulario bat bidaltzen dio; biktimak formularioa bete eta bueltan bidali behar du, pasaportearen edo NANaren kopiekin batera. Kontsumitzaileak datu guztiak eman ondoren, dirua kobratzeko hiru aukera ematen dizkion mezu elektronikoa jasotzen du: banku-transferentzia egitea, saria banku jakin batean irekitako kontuan sartzea edo dirua aurrez aurre jasotzea (gehienetan, kontsumitzailearen helbidetik oso urrun dagoen herrialdean). Pertsona gehienek bere banku-konturako transferentzia hautatzen dute eta horrek aldez aurretik ordainketa batzuk egin beharra dakar beti: abokatuen zerbitzu-sariak, tasak, aseguruak, zergak eta abar. Horrelakoetan, ordainketak Western Union edo antzeko konpainien bidez egiteko eskatzen da. Biktimak iruzurgileek esandako bankuan kontua irekitzea hautatzen badu, honako hau eskatuko diote: banku horren politikaren arabera, diru kopuru handi bat gordailutu behar da, kontu bat ireki ahal izateko. Transferentzia egin edo dirua gordailutu bezain laster iruzurgileak desagertu egiten dira.
Zer egin, sari bat irabazi duzula esaten duen mezu elektroniko bat jasotzen baduzu?
- Egia izateko onegia badirudi, litekeena da iruzurra izatea.
Gomendioak:
- Inoiz ez erantzun horrelako mezuei.
- Ez bidali dirurik.
- Ez bidali eta ez eman nortasun-dokumenturik (ezta kopiarik ere).
- Inoiz ez eman zure banku-kontuen edo ordainketa-txartelen datuak.
Zer egin, erantzun badiezu edo diru kopuru bat ordaindu baduzu?
- Gorde jasotako eta bidalitako mezu elektroniko eta SMS guztiak.
- Gorde egindako transakzioak edo ordainketak egiaztatzen dituzten dokumentu guztiak.
- Berehala salaketa jarri tokiko polizia-etxean eta agenteek emandako argibideei jarraitu.
- Iruzurra identifikatzea batzuetan ez da erraza. Hala ere, kasu gehienek eredu jakin bati jarraitzen diote: kontsumitzaileari aldez aurretik diru kopuru bat ordaintzeko eskatzen zaio etorkizunean jasoko omen duen diru kopuru handiaren edo prezio onean edo oso-oso txikian eskaintzen diren produktuen truke.
Iruzurra izan daitekeela jakiten laguntzeko, jarraitu gure gomendioak:
- Saltzailea identifikatu. Saltzailearen nortasuna eta historia ahalik eta gehien aztertu. Horretarako, foroak eta iritziak kontsulta ditzakezu. Harremanetarako pertsonaren datuak topatzen ez badituzu edo topatutako datuak zalantzagarriak badira, bitan pentsatu, dirua bidali baino lehen.
- Ordainbide seguruak erabili. Bankuek eta Internet bidez ordaintzeko erakundeek arriskua gutxitzen duten tresnak eskaintzen dituzte. Inoiz ez ordaindu diru-bidalketak egiteko enpresen bidez. Ahal bada, kreditu-txartela erabili, bidegabeko kobrantza bat itzultzeko aukera izango duzulako.
- Bilatu konfiantza-zigiluak eta Interneteko konexio seguruak. Informazioa konexio seguruko web orrialdeetara soilik bidali, hau da, "https" batekin hasten diren web orrialdeetara.
- Zentzuz jokatu. Ez fidatu egia izateko onegiak diren eskaintzetan. Logika erabiliz gero, askotan saihesten dira ustekabekoak.
Lotutako dokumentuak
- Liburuxka: Iruzurrak eta maula komertzialak
- Liburuxka: Faltsutzeak
GEHIAGO JAKITEKO...
- Auzien Ebazpen Alternatiboa (RAL)
- Ingurumen-inpaktuak eta online merkataritzaren alternatibak
- Erosketa segurua INTERNET-EN, GIDA PRAKTIKOA
- Iruzurrak eta maula komertzialak
- Espainiako merkataritza elektronikoak 12.400 milioi euro gainditu zuen 2021eko lehen hiruhilekoan, ia % 2 gehiago aurreko urtean baino.
- Guía Comercio Electrónico
-
Ikus fitxa hauek: "Internet", "Gailuak eta pantailak", "Posta elektronikoa", "Publizitatea" eta "Publizitate eta markak", "Etxeko gastu energetikoa", "Aisia eta astialdia", "Kontsumo jasangarria".