Bide-segurtasuna

Bide-segurtasuna

PENTSATU

Bide-segurtasuna guztion kontua da. lbilgailuek eta oinezkoek zenbait arau bete behar dituzte, trafiko-istripuak eragozteko. Zu ere zure hiriko bide-segurtasunaren parte zara, eta, beraz, zentzuz jokatu behar duzu.

BAZENEKIEN...

Debekatuta dago:

  • Ibilgailu motordunak edo ziklomotorrak gidatzea gida-baimen edo zirkulazio-baimen egokia eduki gabe.
  • Erabiltzen ari zaren bidean objektuak edo gauzak (poltsak, paperak…) botatzea edo uztea.
  • Gidatzen duzun bitartean aurikularrak erabiltzea.
  • 12 urtetik beherako bidaiariak eramatea ziklomotorretan edo motozikletetan, sidekarra edukita edo ez, edozein bidetan. Salbuespen kasuetan, 7 urtetik gorako bidaiariak eraman daitezke baldin eta beren gurasoetakoren batekin edo tutorearekin badoaz.
  • «Ihes-hodi librea» delakoa daramaten ibilgailuak gidatzea, eztanda-isilgailu egokia ez badaukate.
  • Bide publikoetan abiadura-lehiaketak egitea, salbu eta, kasu jakin batzuetarako, agintari eskudunek bideok mugatzen badituzte.
  • Txirrindulariak aurreratzea, 1,50 metroko segurtasun-tartea utzi gabe.
  • Gidatzen duzun bitartean telefono mugikorra erabiltzea, arreta larriki galtzea eragiten baitu.
  • Segurtasun-uhalik gabe gidatzea. Ibilgailuan bidaiatzen duten pertsona guztiek lotu behar dute. 
  • Haurrek beren adinaren arabera dagokien segurtasun-aulki homologatu eta egokietan jesarrita bidaiatu behar dute beti.
  • Bizikleta, moto edo patineteetan espaloietatik zirkulatzea.
  • Garraiobide jakin batzuetan ibili bitartean kaskoa ez erabiltzea, adibidez, motozikletetan.
  • Ibilgailu eta motozikletak nahitaezko asegururik gabe ibiltzea

KALETIK OINEZ BAZOAZ-

  • Espaloitik jaitsi eta bidea gurutzatu baino lehen, begiratu eskuinaldera eta ezkerraldera.
  • Bidea gurutzatu baino lehen, ziurtatu semaforoa gorri edo berde dagoen. Zebra-bideetan adi ibili.
  • Errepidetik oinez zoazean, ezkerretara geratzen zaizun bide-bazterretik joan zaitez beti, hau da, parez pare ikusten dituzun ibilgailuen kontrako norabidean; hartara, gidari horiek ikusi egingo zaituzte. 
  • Lagunekin zoazean, ilaran joan beti. 
  • Gauean jantzi kotxeek zu ikusteko moduko arropa, hau da, arropa argia edo islatzailea.
  • Oinez zoazela, ez erabili telefono mugikorra edo tableta; ez zara ohartuko zure inguruan gertatzen denaz, eta istripu bat eduki dezakezu, zure inguruan gertatu dena ez "ikusteagatik".
  • Kontuan izan ez zarela zu kaletik zoazen bakarra; pertsona eta ibiligailu asko daude.

BIZIKLETAN ETA PATINETEAN IBILTZEN ZARENEAN-

  • Ziurtatu denak ondo funtzionatzen duela: balaztak, argiak, gurpilak, eta abar.
  • Ziurtatu arauzko argiak daramatzazula: aurreko argia, zuria edo horia, eta atzeko argia.
  • Kaskoa jantzi ezazu, eta, ahal baduzu, estali zure belaunak belaun-babesekin.
  • Gogoratu bizikleta pertsona bakarrarentzat dela.
  • Zoaz bide baimenduetatik, eta beti zure eskuinaldetik. Espaloia erabiltzeko, nahitaezkoa da bizikletak zirkulatzeko biderik ez egotea. 
  • Ez ezazu orduko 40 kilometroko abiadura gainditu.
  • Galtzadan maniobrarik egin behar baduzu, eman garaiz horren berri gainerako ibilgailuei.
  • Gauez ibili behar baduzu, arropa argia janztea komeni da; horrez gain, derrigorrezkoa da txaleko islatzailea soinean izatea.
  • Errepidetik bazoaz, hobe ilara bakarrean joatea; hala ere, bikoteka ere joan daiteke. Saiatu eskuinaldetik joaten, horrela ibilgailuak seguruago ibiliko baitira.
  • Errepidetik bazoaz, trafiko-seinaleak errespetatu.

SKATE-AN BAZOAZ-

  • Skateentzat gaitutako guneak eta espaloiak erabiltzen saiatu, eta errespetatu beti oinezkoak.
  • Skatea, legez, ez da ibilgailu bat; ez da ziklomotor bat. Ondorioz, errepidean skatea erabiltzen baduzu, oinezkoen arauak bete behar dituzu.
  • Espaloietan joan zaitez beti zure eskuinaldetik.
  • Ibili kontuz, eta errespetatu bide publikoko gainerako erabiltzaileak.
  • Lagunekin bazoaz, ez zaitez taldean joan; zoaz beti ilaran.
  • Inoiz ez ibili ibilgailu bati lotuta; erori eta istripu bat eragin dezakezu.
  • Erabili kaskoa (eta, ahal baduzu, baita belaun-babesak eta ukondo-babesak ere).

TAXIA HARTZEN BADUZU-

  • Taxira sartu eta berehala, jar ezazu segurtasun-uhala.
  • Ezin da eserlekuan jauzi egin, ez eta ibilgailuko gainerako bidaiariak urduritu ere.
  • Ez ezazu ibilgailua zikindu. 
  • Ez ezazu autoaren gidaria gogaitu.
  • Irtetean, espaloitik hurbil dagoen atea baino ez erabili. Beste atea zabaltzen baduzu, martxan dagoen ibilgailu bat jotzeko edo hark zu jotzeko arriskua duzu. Gainera, istripu larria eragin diezazuke.

METROZ BAZOAZ

  • Ez hurbildu gehiegi erreietara. Itxaron nasan.
  • Sartu baino lehen, utzi irteten jaitsi nahi duten bidaiariei.
  • Metroz zoazen bitartean, ez ibili arineketan, eta ez gogaitu jendea.
  • Utzi eserlekua libre pertsona nagusiei, haurdun dauden emakumeei, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei. 
  • Metrotik jaitsi nahi baduzu, astiro egin ezazu, inori bultza egin gabe. Metrora igo nahi baduzu, lehenik eta behin barruan daudenei jaisten utz iezaiezu.

AUTOBUSA/AUTOKARRA ERABILTZEN BADUZU-

  • Itxaron autobusari horretarako baimendutako lekuetan. Autobus-geltokirik ez badago, itxaron beti espaloian.
  • Garaiz sakatu geratzeko botoia.
  • Eskolako autobusean bazoaz, egin kasu zurekin doazen irakasle edo begiraleen gomendioei. 
  • Autokarrean zoazenean, segurtasun-uhala lotuta egon behar da beti. Derrigorrezkoa da.
  • Autokarrean ez zaitez arineketan ibili korridorean; ibilgailua martxan dagoen bitartean, eserita egon behar duzu.
  • Zaindu zure ingurua, eta ez ezazu zaborrik utzi eserlekuetan.
  • Ez ezazu altuegi hitz egin, eta ez jarri musikarik aurikularrik ez baduzu.

GEHIAGO JAKITEKO...