PENTSATU
Bidaiatzea buruarentzat oso osasungarria da, mundua, bestelako ohiturak eta beste pertsona batzuk ezagutzea ahalbidetzen dizu eta zure ikuspegia zabaltzeko bidea ematen dizu.
Bidaia segurua eta dibertigarria izan dadin, zenbait aste lehenago prestatu behar duzu.
BAZENEKIEN...
Turismo jasangarria hiru oinarri hauek dituen turismoa da: oinarri soziala (tartean dauden pertsonak, langileak, kontsumitzaileak eta abar zaintzen ditu), ingurumenekoa (bisitatzen den lekua, tokiko baliabideak, espezieak eta abar errespetatzen ditu) eta ekonomikoa (bideragarritasuna ahalbidetzen duena) dituen turismoa da.
Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak argitaratu duen Klima aldaketaren inpaktuak eta arriskuak Espainian txostenean hemendik 30 urtera agertuko diren arriskuak zerrendatzen dira, hain zuzen, tenperatura-igoeraren inpaktuari lotutakoak, eguzkia, hondartza eta mendiak dituzten tokietan, baita garraioen azpiegituretan ere. Hondartzak txikiagoak izango dira, itsasoaren maila igo egingo delako eta olatuak handiagotuko direlako.Itsasoaren tenperatura ere igoko da eta baliteke horrek uretako jardueretan eragina izatea. Neguko turismoan ere aldaketak nabarituko dira: Espainiako estazioetan elur gutxiago egongo da eta baliteke 2.000 metroren azpitik dauden horiek desagertzea. Hori dela eta, beste turismo-modalitate batzuk hautatu beharko dituzte, Pirinioetako estazio guztien % 7 bakarrik izango baitira bideragarriak (Espainian eta Frantzian), 4. berotze-egoeran.Oporraldiak ere aldatuko dira. Udan bero gehiegi egingo du, eguraldi hobea izango da udazken eta udaberrian; ondorioz, Espainiako eguzki- eta hondartza-helmugetako goi-denboraldia ez da ohiko hilabeteetan (uztailean eta abuztuan) izango. Estatuko eta nazioarteko turistek iparraldeko kostaldean eta barnealdeko lekuetan babesa hartzea hautatuko dute. Turisten fluxuak aldatu egingo dira: Europako iparraldetik datozenak, hau da, oraingo bisitari nagusiak, ez dira etorriko, beren lurraldean klima-baldintza hobeak izango dituztelako. Seguruenik, udan geuk bidaiatuko dugu herrialde horietara.
INFORMAZIO INTERESGARRIA
BIDAIAREN PRESTAKETA
- Bidaia bat kontratatu aurretik, bisitatu nahi duzun lekuaren klima- eta gizarte-baldintzak nolakoak diren jakin behar duzu, eta egon daitezkeen ordu-aldaketak kontuan izan behar dituzu.
- Osasun-egoeraz ere informatu behar duzu, txerto bereziren bat beharrezkoa den jakiteko.
- Bidaia bat kontratatu aurretik, bisitatu nahi duzun tokiko klima eta gizarte-egoera zer-nolakoak diren ziurtatu behar duzu eta egon daitezkeen ordutegi-aldaketak aintzat hartu behar dituzu.
- Era berean, osasun-egoerari buruzko informazioa lortu behar duzu, txerto berezirik beharrezkoa balitz ere.
- Ziurtatu zein motatako dokumentazioa eraman behar duzun zurekin (pasaportea, bisak, NANa, osasun-txartela), eta agiri horiek indarrean daudela.
- Gainera, ezinbestekoa da osasun-dokumentazioa eramatea.
- Informatu bisitatuko duzun herrialdean erabiltzen den dibisa-motaz.
- Aukeratutako garraiobidea edozein dela ere, beti bete behar dira ematen dituzten segurtasun-arauak.
- Kontsultatu bidaia-gidalibururen bat. Bertan, herrialdeko kulturari, gizarteari eta historiari buruzko informazioa aurkitu ahalko duzu, baita beste datu interesgarri batzuk ere.
ARROPA ETA ELIKADURA BIDAIAN
Maleta egin baino lehen, kontuan izan behar da ezen, hegazkinez bidaiatuz gero, fakturatzen den bagajearen pisuak 15 eta 23 kg bitartekoa izan behar duela eskuarki, bidaia kontratatu duzun konpainiaren arabera. Astunagoa izanez gero, bagajearen gehiegizko pisuaren truke zenbateko bat ordaindu beharko duzu. Gainera, zenbat eta pisu gehiago eraman, orduan eta emisio gehiago sortzen dugu bidaiatu bitartean.
Oso gomendagarria da maletan eraman behar duzun eta etxean ahaztu nahiko ez zenukeen guztia zerrenda batean idaztea. Bost alderdi hartu behar dira aintzat maleta egin aurretik, haren osaera baldintzatuko dute eta: bidaiaren helmuga, hango klima, joango zaren egunak, bidaia-mota eta asmoa.
Aurrekoari lotuta, oinetako erosoak eraman behar ditugu, gure oinek ibilaldi luzeak egin ditzaten, eta ordezko zapata-pare bat eraman behar dugu beti, sor litekeen edozein ezustekotarako.
Argazki-kamerez, gidaliburuez eta aurreko guztiaz gain, Europar Batasunaren barruan bidaiatzen baduzu, orobat gomendagarria da saltokietan erositako janaria eta edaria eramatea, ontzi itxietan. Beste herrialde batzuek murrizketa sanitarioak jartzen dizkiete kanpoko janariei, haien mugak zeharkatu ahal izateko.
ERRESPETUZKO BIDAIA-AUKERAK
"Dena barne" motako turismo masiboaren ondorioz, gero eta jende gehiagok beste latitude batzuk ezagutu nahi ditu; hala ere, ondorioz, areagotu egiten dira sortzen diren emisioak, gentrifikazioa eta gizarte- eta ingurumen-degradazioa. Askotan, bidaia horietan gastatzen dugun dirua batez ere turismo- eta ostalaritza-korporazio nagusiek irabazten dute, baita higiezinen agentziek, touroperadore handiek eta airelineek ere, ordaintzen dugunaren zati handiena eramaten dutelako. Ez turistak hartzen dituen komunitateak. Benetako kultura-trukaketa ere ez da.
Aitzitik, turismo jasangarrian edo arduratsuan, «errespetua» da giltzarria. Ahal den guztietan, turismo mota horrek trena edo itsasontzia hautatzen du, hegazkina, gurutzaontzia eta errepide-garraioa erabili beharrean, azken horiek kutsagarrienak dira eta. Halaber, masifikazioa saihesten du, talde txikiak eta proiektu txiki edo ertainak aukeratzen ditu, ahalik eta aztarna ekologiko txikiena uzteko. Tokiko kultura sustatzen laguntzen du, turismo-jarduerak sortzen duen aberastasuna bisitatutako komunitateko ekintzaileen artean banatzen eta kalitatezko lanpostuak sortzen; ondorioz, helmugako tokien garapen iraunkorra eta bisitarien eta bisitatuen artean benetako kultura-elkarrekintza bultzatzen du.
Prezio onak lortzeko, beti denboraz planifikatzea komeni da. Espainian badaude bidaia jasangarrietan espezializatutako agentziak. Guk geuk antolatzen baditugu, ostatu autoktonoak erreserba ditzagun, tokiko dendetan erosi, tokiko jatetxeetan kontsumitu, bertako gidariak eta enpresak kontratatu. Helburua hauxe da: bidaian inbertitutako diruaren zati handienak bisitatzen den herriaren oparotasuna sortzea, non guk ostalari onen moduan jokatzen dugun.
Bai gazte-txartelak bai ikasle-txartelak abantaila asko eskaintzen dituzte bidaiatzerakoan. Horrez gain, zenbait garraiobidetan (esate baterako, trenean eta autobusean), eskaintzak egoten dira taldeentzat, adinaren arabera ere bai, edo joan-etorria egiteagatik, familia ugarientzat...
Interrail Europa trenez ezagutzeko sistema merkea da. 40.000 helmuga baino gehiago dituzu aukeran, 30 herrialdetan, eta abentura bat diseina dezakezu Europan zehar, zure neurrira erabat.
Kostu txikiko (edo low cost) hegazkin-konpainiek arrazoizko prezioan eskaintzen dizkiete txartelak bidaiariei. Izan ere, kostuak murrizten dituzte bidaiariek gero eta bagaje gutxiago eramaten dutelako, txartelaren kostua galtzen dutelako pisuzko arrazoi bat dela medio hegaldia bertan behera utzi behar badute eta abar.
Dena den, horrelako kasuetan, erabiltzaileak eskubide batzuk ere badauzka, eta konpainiak bete egin behar ditu. Hori dela eta, garrantzitsua da konpainiaren baldintzak ondo irakurtzea. Low cost hegaldiak zabaltzeak hegazkingintzaren sektoreak sortzen dituen emisioak areagotu ditu.
Ikasbidaiak eta gazteentzako beste eskaintza batzuk
Bidaia-agentziek kontuan izaten dituzte horrelako bidaiak eta taldeentzako prezio bereziak eta deskontuak eskaintzen dituzte. Horietako asko adituak dira gazteak protagonistak diren mota guztietako bidaiak antolatzen. Nolanahi ere, ez ahaztu:
- Konparatu agentzien prezioak.
- Informatu ordaintzeko moduez, ezerezteez, bidaia-aseguruez...
- Kontsultatu Interneten gazteentzako bidaiak hizpide dituzten orriak.
Lo egiteko eta atseden hartzeko gure beharrekin bat datorren leku on bat aukeratzeko, ordu batzuk eman behar dira eskaintza desberdinak eta haien eskuragarritasuna aztertzen.
Eskaintza interesgarrienetako bat Espainia osoan eta atzerriko beste herrialde batzuetan banatuta dauden aterpeen sarea da. Establezimendu horiek guztiek identifikazio-zigilu bat daramate, eta horiek erabiltzeko aterpekide-txartela eduki behar da. ‘Hostel’ izenekoak antzekoak dira eta gero eta ospetsuagoak bihurtzen ari dira. Merkeak eta sozialak direnez, bertan gazteak dira nagusi.
NIK ZER EGIN DEZAKET…?
Udako zati bat tokiko hezkuntza-, eraikuntza-, osasun- edo ingurumen-proiektuetan boluntario gisa laguntzen eman dezakezu. Setem GKEk Solidaritate Kanpamentuak antolatzen ditu. Vicente Ferrer Fundazioak ere hartzen ditu boluntarioak. Irabazteko asmorik gabeko elkarteek, adibidez, Cives Mundi edo Sodepaz, boluntarioen bidaia solidarioak antolatzen dituzte. EarthWatch Institute-k harremanetan jartzen ditu ikerkuntzaren eta kontserbazioaren arloko boluntarioak eta zientzialariak. Cooperatour Latinoamerikan eta Asian proiektuak egiten ditu. Eta nazioarteko boluntariotzan aritzen diren Munduko Boluntarioek Espainian ere boluntariotza-proiektuak badituzte.
Gainera, bidaia bat egitea erabakitzen denean, hainbat gauza izan behar dira kontuan, dena ondo atera dadin:
- Egiaztatu turismo-enpresa edo -profesional baimendu batek ematen dituela zerbitzuak.
- Exijitu informazioa, eskatutako zerbitzuen edukiari buruz eta kontratua suntsiarazteko aukerei eta horren ondorioei buruz.
- Informatu kontratatu beharreko zerbitzuen prezioaz.
- Bidaia hasi baino lehen, egiaztatu erabiliko dituzun garraiobideen irteteko ordutegiak.
- Turismo-establezimenduek erreklamazio-orriak eduki behar dituzte.
Zerbitzuarekin ados ez bazaude:
- Erabili erreklamazio-orriak.
- Gogoratu erreklamazioa aurkez daitekeela autonomia-erkidegoetako kontsumo-zerbitzuetan, zure udalaren kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetan eta kontsumoko arbitraje-batzordeetan; eta, jakina, justizia-auzitegietan ere bai.
Eta, azkenik, garrantzitsua da gogoratzea erreklamazioak, herritarraren onerako izateaz gain, zerbitzuak hobetzen laguntzen duela.
GEHIAGO JAKITEKO...
- BIDAIARIAK - "Osasunak ere bidaiatzen du"
- ADAPTECCA
- UNWTO ORG
- Animaliekin arduratsua den turismoa
- Espainiako Turismo Jasangarriaren Estrategia
- Espainiako Turismoari eta Klima Aldaketari buruzko Txostena
- Setem
- Setem 02
- Vicente Ferrer Fundazioa
- Cives Mundi
- Sodepaz
- Cooperatour
- Earth Watch
- Munduko boluntarioak
- Instituto de la Juventud
- Carné de Alberguista
- Red Española de Albergues Juveniles
- Portal de Interraíl
- Juntas Arbitrales de Transporte
- Trenbideko bidaiarien eskubideak Europar Batasunean
- Aireko garraioko bidaiarien eskubideak
- Itsasoz eta bide nabigagarriez bidaiatzen duten bidaiarien eskubide orokorrak