PENTSATU
Elikagaiak alferrik galtzeari buruzko 2021eko adierazlearen arabera, Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren (PNUMA) eta hondakinen inguruko WRAP erakunde britainiarraren arabera, 2019an, 931 milioi tona elikagai galdu zen alferrik; munduko elikagaien ekoizpen osoaren % 17 zaborrera bota zen. Hau da, 40 tonako 23 milioi kamioi, elikagaiz beteta: guztiak ilaran jarriz gero, Lurrari zazpi aldiz buelta emango liokete. Horrek inpaktu izugarria du:
- Ingurumenean: NBEren arabera, munduko berotegi-efektuko gas isurien gutxi gorabehera % 8-10 kontsumitzen ez den janariari lotuta dago. Hori dela eta, elikagaiak alferrik galtzeak klima-aldaketa areagotzen du.
- Gizartean: kontuan hartzen bada munduan kalitatezko elikagaiak jateko aukerarik ez duen jende kopuru handia. Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen (FAO) arabera, 690 milioi pertsonak gosea pasatu zuten 2019an, eta, koronabirus-pandemiaren ostean, kopuru hori drastikoki areagotuko dela uste da. Horrez gain, 3.000 milioi pertsona ez dira dieta osasungarri bat ordaintzeko gai.
- Eta ekonomian: kontsumitzaileen poltsikoan eragina du (jango ez den produktua ordaintzen duelako), baita, oro har, merkatuan ere.
BAZENEKIEN...
Alferrik galtzen diren elikagai gehienak, % 61, etxeetan galtzen da; % 26 elikagaien zerbitzuetan (jatetxeak, hotelak eta jantokiak). Eta, azkenik, % 13 merkataritzan galtzen da (supermerkatuak eta abar). Guztiok lagun dezakegu egoera horrekin amaitzeko.
ZER EGIN DEZAKET NIK…?
EROSKETAN ETA ETXEAN
- Ez ezazu baztertu elikagairik, soilik bistarako erakargarriak ez direlako. Ohitura on bat izan daiteke fruta heldua edo "zatarra" batidoak edo postreak egiteko erabiltzea.
- Erosketak egitean, idatzi zerrenda batean zer behar duzun, etxean daukazuna kontuan hartuta.
- Jango duzuna soilik prestatu eta jarri platerean.
- Garatu zure sormena; aprobetxatu hondarrak errezeta berriak egiteko.
- Ikasi zein den kontsumo lehenetsiaren eta iraungitze-dataren arteko aldea. Kontsumo lehenetsiaren data gainditutakoan, elikagaia kontsumitu egin daiteke osasuna arriskuan jarri gabe; ezaugarriren bat murriztu izana da gerta litekeen txarrena (kolorea, usaina, testura, zaporea). Iraungitze-datak, bestalde, kontsumitzaileari jakinarazten dio ezarritako data eta gero elikagaia kontsumitzeak osasunean arriskuren bat eragin dezakeela.
- Ez bota kontsumo lehenetsiaren data gainditu duten elikagaiak. Esaterako:
- Esnea ireki bada, hozkailuan gorde daiteke eta astebete geroagora arte edan.
- Ireki gabe dagoen gurina hilabete geroago arte kontsumitu daiteke.
- Ireki gabe dagoen gaztak beste 6 hilabete iraun dezake.
- Irin zuriak 2 urte iraun dezake hozkailuan.
- Oliba-olioak irekita iraun dezake 2 urte.
Hala ere, iraungitze-data edo kontsumo lehenetsiaren data kontuan hartzeaz gain, zure zentzumenez balia zaitezke: begiratu, usaindu eta ukitu elikagaia, egoera onean dagoen jakiteko. Susmorik txikiena baduzu, ez ezazu kontsumitu, batez ere iraungitze-data igarota badago. Zalantzarik izanez gero, galdetu helduren bati.
OSTALARITZAN
- Buffet librea bada, hartu soilik jango duzun janari-kantitatea.
- Galdetu zerbitzariari jatekoak zein tamainatakoak diren. Txikienentzat eskatu janari-kantitate txikiagoak.
- Sobratu den janaria ontzi batean jar diezazutela eskatu.