Terminoen glosarioa, alfabetikoki ordenatua

 Alfabetoaren irudia

ADSL: Ingelesez Asymmetric Digital Subscriber Line (Harpidetza Asimetriko Digitalaren Linea) esan nahi du. Interneterako konexioa eskuratzeko erabiltzen da. Beste teknologia batzuekin alderatuta, konexio analogiko tradizionalaren banda-zabalera hobetzen du. Datuak eta ahotsa aldi berean bitarteko berberetik helarazteko aukera ematen du.

Antibirusa: Birus informatikoak antzeman eta ezabatzeko programa da. Halaber, malware deritzen beste programa arriskutsu batzuetatik babesten ditu ekipoak.

Artxiboak igo edo “Upload”: Artxibo bat foro, sare edo interneteko webgune batera helarazi edo igotzeko ekintza da.

Banda-zabalera: Linearen bidez denbora-unitate batean helaraz daitezkeen datuen kopurua da. Interneten abiadura, edo, zehatzago, interneteko konexioaren abiadura zehazteko ere erabiltzen da neurri hori.

Bilatzailea: Gai zehatz bati buruzko edo hitz gako batzuekin lotutako interneteko orriak aurkitu eta ikusi ahal izateko aukera ematen duen interneteko orria da.

Birusa: Infektatutako ekipoak kaltetzeko diseinatutako programa (malwarea) da. Kopiatzeko eta bere kabuz hedatzeko gaitasuna dauka, eta, normalean, aplikazioetan erantsita joaten da. Infektatuta dagoen aplikazio bat abiaraztean, beste artxibo batzuk infekta ditzake. Birus bat makina eta sistemen artean hedatu dadin, pertsonaren batek esku hartu behar du. Artxiboak deskargatzean, diskete eta USB diskoak trukatzean, artxiboak artxibo-zerbitzarietatik edo artxibo-zerbitzarietara kopiatzean, edo infektatuta dauden eranskinak bidaltzean pasatzen dira, zehazki, birusak.

Bloga: Aldian-aldian eguneratzen den eta informazioa kronologikoki antolatzen duen webgune honetan, gure esperientzia pertsonalak edo taldekoak konta ditzakegu. Irakurleek beren iruzkinak sar ditzaketenez, tresna interaktiboa bihurtzen da, eta, hala, iritzia emateko foroak sortzen dira. Testuak, irudiak, soinuak edo bideoak sar daitezke.

Community Manager (CM):  "Online" erkidegoa kudeatu eta dinamizatzeko arduraduna da, eta bere erakundeak duen posizioaren inguruan aritzen da. Bere eginkizunak dira, besteak beste, edukiak sortzea, ospea kudeatzea, eta tresnak aztertu eta erabiltzea, bere erakundearen ekintzak gizarte-sareetan dituen emaitzak neurtzeko.

Cookie: Cookie (edo gaileta informatikoa) da webgune batetik bidaltzen den eta erabiltzaileen nabigatzailean gordetzen den informazio txiki bat, erabiltzailearen bisita erregistratu eta zenbait informazio jasotzen duena, besteak beste. Helburua erabiltzailearen bisita erregistratzea da, baita honako hauei buruzko informazioa gordetzea ere: nabigazio-ohiturak,  erabiltzailea –publizitate pertsonalizatua bidaltzeko profila sortzeko–; gailuak (mugikorra, ordenagailua), argazkiak, dokumentuak eta abar; horrek guztiak pribatutasun arazo larriak sor ditzake. Hori dela eta, garrantzitsua da cookie guztiak ukatzea, nabigatzeko behar-beharrezkoak diren horiek salbu.

Crowdfundinga: Kooperazio kolektiboko estrategia bat da, pertsonek garatutakoa, interneten bidez dirua edo beste baliabide batzuk lortzeko. Ahalegin eta ekimen berritzaileak eta pertsona edo erakundeen proiektu sortzaileak finantzatzeko erabili ohi da.

DBLO: Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak (DBLO) zehazten du datu pertsonalak zer diren. Lege horrek datu pertsonalak dituzten fitxategiak tratatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiak behartzen ditu pertsonen intimitaterako eskubidea errespetatzera, Espainiako Konstituzioari jarraikiz, eta fitxategi horietan jasotako datuen pribatutasuna betetzera. Datu pertsonalak: Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren (DBLO) arabera, datu pertsonalak dira identifikatuta dauden edo identifikatu daitezkeen pertsona fisikoei buruzko datu guztiak. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduak (EB) honako eskubide hauek aitortzen ditu, datu pertsonalak babesteko orduan: datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko edo aurka egiteko("ahazteko") eskubidea; datuen tratamendua mugatzeko, datuak garraiatzeko, eta datuok erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea; eta informazioa eskuratzeko eskubidea.

Deskargatu edo “Download”: Datuak kopiatzea (oro har, artxibo oso bat) iturri nagusi batetik gailu batera. Sarritan, lineako zerbitzari batetik ordenagailura artxibo bat kopiatzeko prozesua deskribatzeko erabiltzen da termino hau.

Egiazkotasun-ziurtagiria: Erakunde independiente batek igorritako aitorpena da, eta pertsona baten nortasuna edo webgune baten segurtasuna bermatzea du xede. Berme hori bereziki beharrezkoa da erabiltzaileek bankuko zerbitzuak interneten bidez erabiltzen dituztenean, edo merkataritza elektronikoko eragiketak egiten dituztenean.

Enbaxadoreak: Follower edo jarratzaile horiek, beren kontuen bidez, babesa erakusten diote beren OSFLri, eta edukiak eta argitalpenak hedatzen laguntzen dute. Gizarte-sareetan modu espontaneoan sor daitezke. Beren eginkizuna jarraitzaile onenak antzeman eta zaintzea da, hala lotura positiboak sortzen jarraitzeko.

Engagement: Jarraitzaileek gizarte-sare batean argitaratzen den edukiarekiko duten interakzio-maila da, eta “likes”, “comments” eta “share” bezalakoekin neurtzen da. Zenbat eta altuagoa follower-en partaidetza, orduan eta handiagoa “engagement” delakoa, eta handiagoak beraien eta orriaren arteko harreman emozionala eta kide-sentsazioa.

Erabiltzailea: Gizarte-sare bat erabiltzen duen edo bertako kide den pertsona edo erakundea da. Orokorrean, erabiltzailearen izena pertsona edo erakundearen benetako izena da. Hala ere, beren izenaren antzeko bat edo beste izenen bat erabiltzen duten erabiltzaileak ere badaude sarean. Erabiltzailearen kontzeptuan, halaber, sarbide informatikorako baimen eta baliabide batzuk ere sartzen dira.

Erabiltzailearen profila: Adierazpide horretan datu-multzo bat sartzen da, tartean datu pertsonalak. Gizarte-sareen edo webgune kolaboratzaileen erabiltzaileek datu-multzo hori sartzen dute plataforman erregistratzen diren unean, edo baita ondoren ere, profil hori eguneratu behar dutela uste dutenean.

Guraso-kontrola: Adingabeek ordenagailua eta beste gailu batzuk oker erabil ez ditzaten, eduki desegokiak ikus ez ditzaten, edo interneten bidezko arriskurik har ez dezaten ezar daitezkeen tresnen edo neurrien multzoa da.

Hardwarea: Ordenagailuko osagai fisiko guztiak dira. Hau da, besteak beste: oinarrizko plaka, disko gogorrak, CD irakurgailuak, saguak, teklatuak...

Traola edo Etiketa: Argitalpenak edo mezuak gai zehatzen arabera sailkatzeko erabiltzen da. Zenbaki-ikur baten bidez (#) adierazten da, eta, horren ostean, erakundeak hitz gako bat edo batzuk jartzen ditu, ideia, izen edo kontzeptu bat helarazteko. Normalean, mezu edo testu batekin lotuta dago, erabiltzailearentzat errazagoa izan dadin intereseko gaiak bilatu eta aurkitzea. Adibidez, #Hezkuntza edo #pobrezia.

Hodeia (Cloud computing): Hodeiean antolatzeari buruz hitz egitean, informazioa gordetzeko modu bati buruz ari gara. Sistema honen bidez, erabiltzaileek informazio, fitxategi eta datu guztiak hirugarren zerbitzarietan gorde ditzakete, eta, hala, sarera lotutako edozein terminaletatik eskuratu daitezke datuok, hau da, normalean, interneta duen edozein terminaletatik, erabiltzailearen ekipo lokalean software osagarririk instalatu behar izanik gabe (lehendik dagoenaz eta sarerako sarbidea ahalbidetzen duenaz gain).

Horma edo “Timeline”: Gizarte-sareetako espazio honetan, erabiltzaileak gainerako kontaktuekin partekatzen du interesgarri izan daitekeen informazioa, eta bere erakundearen lana argitaratzen du. Halaber, egindako argitalpenak erakusten ditu, alderantzizkako ordena kronologikoan. Espazio honetan, erabiltzailearen kontaktuek beren iritzia eman edo iruzkinak egin ditzakete.

IP helbidea: IP laburdurak Internet Protocol esan nahi du. Lau zifrako zenbaki bakarra eta errepikaezina da, eta horren bidez identifikatzen da sare batera konektatuta dagoen eta IP protokoloa erabiltzen duen ordenagailua.

Jarraitzailea edo “follower”: Beste erabiltzaile baten (izan daiteke bere OSFLa) mezu edo argitalpenetara harpidetzen den erabiltzailea da, nola miresmenagatik hala kausaren batekin edo populazioren batekin kidetzeagatik, bere jardueren berri edukitzeagatik, edo zerbitzu berriak ezagutu eta sustatzeko nahiagatik.

Malwarea: Software eta asmo txarra hitzak batzean sortzen den terminoa da (software maltzurra). Definizio horren barruan, hainbat programa maltzur sartzen dira: birusak, harrak, troiarrak, backdoor, spyware, eta abar. Programa horiek guztiek kalteak sortzen dituzte.

Memeak: Interneten modu masiboan hedatzen diren kontzeptuak definitzeko modua da. Izan daiteke bideo bat, irudi bat, webgune bat, traol bat, edo, besterik gabe, hitz edo esaldi bat.

Nortasuna ordezkatzea: Erasotzaile batek beste pertsona baten nortasuna bereganatzeko garatzen duen jarduera maltzurra da. Helburuak iruzurra, jazarpena edo cyberbullinga izan daitezke. Adibide bat jartzearren, gizarte-sareetan beste pertsona baten profila sor daiteke, eta beste erabiltzaile batzuekin elkarrekintzan aritu, haren partez.

Online konfiantza: Espainiako autoerregulazio-sistema hau merkataritza elektronikoan erabiltzen da, erabiltzaileen eta enpresen esku jar dadin Merkataritza Elektronikoari eta Publizitate Interaktiboari buruzko Kode Etikoa. Halaber, konfiantzazko zigilu bat jartzen da atxikitako enpresen webguneetan, leku horretan egindako transakzioen kontsumitzaileei segurtasuna eta konfiantza bermatze aldera.

Partekatu edo “Share”: Gizarte-sareetan hirugarren pertsonek egindako edukiak eskaintzeko ekintza da. Follower edo jarraitzaileek norbaitek beren webgunean argitaratzen duen edukia partekatzen dutenean ere erabiltzen da.

Pharminga: Eraso informatiko honen bidez, jabari-izena duten zerbitzarietako artxiboak aldatu edo ordezkatzen dira, erakunde baten (normalean, bankuko erakunde baten) legezko IPa aldatuta. Hala, erabiltzaileak helbideen barran erakundearen jabari-izena idazten duenean, nabigatzaileak erabiltzailea beste IP batera eramaten du. Bertan, webgune faltsu bat egoten da, erakundearen nortasuna ordezkatzen duena, eta, beraz, legez kanpo eskuratzen dira erakundeko erabiltzaileen sarbide-gakoak.

Phishinga: Bitarteko telematikoen bidez egindako iruzurrari deitzen zaio horrela. Metodo horren bidez, iruzurgileak legezko erabiltzaileen informazio konfidentziala (pasahitzak, bankuko datuak eta abar) lortu nahi izaten ditu iruzur bidez.

“Post” edo egoera: Gizarte-sare batean egiten den sarrera, mezua edo argitalpena, testu, iritzi, iruzkin, lotura edo artxibo partekatu bat izan daitekeena. Hau da, erakunde batek hedatzen duen edukia, bere lana ezagutzera eman eta kontaktu berriak erakartzeko, edo funtsak bilatzeko estrategiak sustatzeko.

Sextinga: Praktika honetan sexualki esplizituak diren mezuak edo argazkiak bidaltzen dira bitarteko elektronikoen bidez, batez ere telefono mugikorren bidez. Pertsonak berak bidaltzen ditu irudi horiek, baina bitarteko elektronikoak erabiltzen dituenez, horien gaineko kontrola galtzen da, eta ezinezkoa bihurtzen da irudiok berreskuratzea. Jasotzen dituen pertsonak irudiok birbidali, kopiatu, interneten argitaratu eta beste pertsona batzuekin partekatu ditzake. Horrek legezko ondorio larriak ditu. Legez kanpo dago, egon ere, adingabeen argazkiak partekatzea, baldin eta biluzik agertzen badira edo eduki sexualik badute, baita beste adingabe batzuekin partekatzen direnean ere.

Sinadura elektronikoa: Agiri elektroniko batekin doazen edo hari lotuta dauden datu elektronikoen multzoa da sinadura elektronikoa, eta sinatzen duen pertsona identifikatzea eta sinatutako agiriaren zintzotasuna bermatzea ditu xede. Sinadura hori Ziurtagiri Digitalaren bidez sartzen da.

Softwarea: Sistema informatikoa osatzen duten parte immaterialetako bakoitza da. Ekipoa erabili ahal izateko programak, aplikazioak eta sistema eragileak dira. Ordenagailura hainbat jarraibide bidaltzen dira, ekintza jakin batzuk gara ditzan. Jarraibide horien multzoari deitzen zaio, hain zuzen ere, software-programa edo software-aplikazio.

SPAM: Hartzaileak, berak nahi izan gabe, jasotzen duen posta da. Igorleak bidalketa automatizatuak eta masiboak egiten ditu. Spama, orokorrean, posta elektroniko pertsonalarekin lotzen da, baina ez die posta elektroniko pertsonalei soilik eragiten, baizik eta baita foro, blog eta albiste-taldeei ere.

Streaminga: Ordenagailu edo gailu elektronikoen sare baten bidez multimendia banatzen da, eta, hala, erabiltzaileak produktua kontsumitzen du, hura deskargatzen den aldi berean. Era honetako teknologiak datu-bufer bidez funtzionatzen du (memoria-espazioa), eta, hala, deskargatzen dena gordetzen du, erabiltzaileak ikus dezan. Artxiboak deskargatzeko sistemaren bestelakoa da, halakoetan erabiltzaileak guztiz deskargatu behar izaten baititu artxibo horiek, gero ikusi ahal izateko. Termino hau audioak edo bideoak zabaltzeko erabili ohi da.

Target: Gizarte-sareetan gure argitalpenen hartzaileak diren horiek dira. Hau da, beren ezaugarriak direla eta, funtsak biltzeko jardueren edo zure mezuen hartzailea izatea nahiko zenukeen pertsona-taldea. Zure targeta ondo ezagutzea garrantzitsua da, zure erakundeak gizarte-sareetan duen posizioa indartzeko.

Webgunea: Informazioa jasotzen duen eta interneten eskuratu daitekeen agiri elektronikoa. Webgune batean aurki daitekeen informazioa askotarikoa da: irudiak, testuak, bideoak, musika eta abar.

Web-nabigatzailea: Zerbitzarietan gordetako web-lekuak ikusteko erabiltzen den softwarea da. Halako softwareen bidez, erabiltzailearen ekipoan egoiliar gisa instalatuta egonik, zilegi da edozein elementu-mota ikustea. Merkatuan web-nabigatzaile ugari daude, baina gaur egun honako hauek dira ezagunenak: Firefox, Internet Explorer, Chrome, Safari eta Opera.

Views: Ekintza informatiko estatistiko hau baliatzen dute gizarte-sareek eta interneteko orriek, erakunde edo pertsona batek jakin dezan zenbat pertsonak ikusi duten orri horien edukia. Neurketa-sistema bat da, eta edukietara sartzen diren pertsonen interesa eta joan-etorria ezagutzeko erabiltzen da.

Ziberjazarpena/Cyberbullyinga: Interneten bidez bitarteko telematikoak erabiliz egiten den jazarpena da. Mezu elektronikoak, telefono mugikorrak, gizarte-sareak, blogak eta abar erabiltzen dira. Jazarpena egiten duen pertsona eta biktima adin berekoak edo bertsukoak izan ohi dira. 
Normalean, mehatxuak, irainak eta laidoak daude tartean, edo profilak sortzen dira gizarte-sareetan, biktimaren nortasuna ordezkatu eta eduki iraingarriekin lotzeko, min egiteko asmoz. Ziberjazarpena izan daiteke, era berean, igorlearekin harremanik ez edukitzeko eskatu duen norbaiti mezu elektronikoak bidaltzen jarraitzea.

Ziurtagiri digitala edo elektronikoa: Ziurtapen Agintaritzak igorritako agiri elektronikoa da. Bertan, pertsona bat (fisikoa edo juridikoa) pare bat gakorekin identifikatzen da. Sinadura elektroniko bat pertsona edo erakunde jakin bati dagokiola balioztatu eta ziurtatzea da helburu nagusia. Elektronikoki sinatzeko eta jabea bere datuekin identifikatzeko beharrezko informazioa jasotzen du: izena, IFZ, algoritmoa, sinadura-gakoak, igortze-data eta organismo igorlea.