PENTSATU
Istripu gehienak etxean gertatzen dira, eta, etxe barruan, arriskurik handiena eragiten duen tokietako bat da bainugela.
Urteko estatistikei erreparatzen badiezu, etxean ez ezik, eskola-esparruan ere gertatzen dira istripuak kirol-jarduerak garatu bitartean: patioetan, gimnasioetan, eta batetik bestera mugitzeko tokietan (eskailera, korridore eta abarretan).
Hausnartu al duzu inoiz gai horri buruz?
Espazio horretan gertatu den istripurik ezagutzen al duzu?
Norbaitek erakutsi dizu zure eguneroko bizimoduari lotutako gune erkideen arrisku-mapa?
BAZENEKIEN...
Osasunaren Mundu Erakundeak honako hau dio: «istripua aurreikuspen, borondate edo normaltasunetik kanpo jazotzen den gertaera bat da, eta, horren ondorioz, duen larritasuna gorabehera, kalte fisiko edo/eta psikikoa sortzen da, aurreikuspen-ezagatik edo segurtasun-faltagatik».
Etxeko istripuak etxebizitzan, patioetan, lorategietan, garajeetan, sarbideetan eta eskaileren atarietan gertatzen direnak dira, hau da, etxe kontzeptuaren barruko toki guztietan gertatzen direnak.
Halako istripuak eragiten dituzten faktoreak honako hauek izan daitezke:
- Kontsumitzaileak produktua oker erabiltzea.
- Produktuari edo haren erabilera-jarraibideei buruzko datu nahikorik ez izatea.
- Produktuak fabrikazio-akatsen bat izatea.
Segurtasunari buruz hitz egitean, norberaren babesa eta besteena hartzen dira kontuan.
Hauek dira bainugelan gehien sortzen diren istripuak:
- Erorketak: xaboi-hondarrak dituen zoru bustiak edo material labainkorrez egindako dutxa edo bainuontziak istripuak eragin ditzake.
- Erredurak: batez ere sukaldean gertatzen dira, baina bainugelan gaudenean ere adi ibili behar dugu. Batzuetan, ur beroegia erabiltzen dugu dutxatzeko, eta azalean kalteak eragin diezazkiguke.
- Elektrokuzioa: etxetresna elektrikoak elikatzen dituzten tentsioek (220 edo 125 volt) elektrokuzioak eragin ditzakete erabiltzen ditugunean. Halako istripuak bainugelan gertatu ohi dira, bertan giroa beti hezea izaten baita.
- Kolpeak: objektu finkoekin izaten dira, besteak beste, altzari, ate edo leihoekin.
ZER EGIN DEZAKET NIK?
- Kontuz ibili zoru hezeekin, oso labainkorrak dira eta.
- Erorketak eragozteko, erabili alfonbrak edo eranskailu ez-labainkorrak bainuontzian.
- Garbitzeko produktu bat erabili baino lehen, irakurri etiketa, ondo erabiltzeko eta bertan azaltzen diren arreta-neurriak betetzeko.
- Ez entxufatu lehorgailua, bizarra mozteko makina edo beste etxetresna elektriko batzuk uretatik gertu.
- Entxufeak ondo daudela zaindu.
- Ez erabili inoiz aparatu elektriko bat eskuak bustita dituzula edo oinutsik zaudela.
- Ez eduki berogailu elektrikoak, korronte-hartuneak edo beste gailu elektriko batzuk eskura bainugelan, bainuontziko ertzetik metro bat baino distantzia gutxiagora.
- Zaindu aparatu elektrikoetan ez dagoela kable zuriturik eta entxufe apurtu edo pitzaturik.
- Deskonektatu aparatu elektrikoak, erabili eta berehala.
- Hobe entxufe bakar bat erabiltzea aparatu bakoitzerako, hainbat entxufez gainkargatutako instalazio bat baino.
- Garbitzean edo dutxatzean, txorrota bakarreko griforik ez badaukazu, ireki lehenengo ur hotzaren grifoa eta gero ur beroarena; hala, erredurak saihestuko dituzu.
- Ez jarri esprai edo aerosolik bero-iturrien gainean.
- Sendagaiak eta garbiketa-produktuak etxeko txikien eskura egotea saihestu.