PENTSATU
Batez beste, sei-zortzi kosmetiko edo higiene-produktu erabiltzen ditugu, emakumeek gehiago (hamabi edo) eta gizonek gutxiago (sei inguru). Annie Leonard-ek, Estatu Batuetako Greenpeace-ren zuzendari ohiak, bere film laburrean, Kosmetikoen historia, petrolioarekin dutxatzen garela esan du. Hain zuzen ere, bizitza osoan 25.550 aldiz. Txanpu edo gel normal bakoitzak 300 urte behar du biodegradatzeko.
Kosmetika sektoreak ur-gastu handia du, izan ere, produktu horien konposizioaren % 46-70 ura da.. Gainera, paper asko (zuhaitzak) eta petroliotik eratorritako plastiko asko (baliabide eskasa eta klima-aldaketaren kausa nagusia) kontsumitzen du, ontziak eta packaging-a egiteko; energia (kosmetikoak ekoiztu, hoztu, garraiatu eta saltokian edukitzeko) erabiltzen du, baita landare, animalia eta mineral jatorrizko lehengaiak ere, askotan ahalik eta era merkeenean erauzitakoak, horrek dakartzan ondorioekin: baliabide, pertsona eta animalien esplotatzea.
Monolaborantza intentsiboetan sortzen badira, animaliak eta pertsonen komunitateak lekualdatzera behar ditzakete, eta biodibertsitatea degradatu (palmondo-olioak bezala). Gainera, horrelako laborantzek kutsadura hidriko handiagoa eragiten dute, eta lurzorua, airea, baita gure organismoak ere kutsatzen dituzte, gizakien osasunerako eta ingurumenerako arriskutsuak izan daitezkeen substantziekin.
Kosmetikoetan osagai aktibo ugari daude, produktuak duen funtzioaren arabera (garbitzea, hidratatzea): eszipienteak (ohikoena ura da, non disolbatzen diren osagai aktiboak), zuzentzaileak –produktuak hobetzeko edo egonkortzeko–, gelifikatzaileak, freskagarriak, lodigarriak, nakaranteak, aparra ez sortzeko osagaiak, hondatzea saihesteko gehigarriak, itxura erakargarriagoa izatea lortzeko osagaiak (koloratzaileak, kontserbagarriak, lurringaiak), mikroplastikoak eta petrokimikatik eratorritako beste substantzia batzuk.
Europar Batasunak osagai kosmetikoen 7.000 izen argitaratu zituen (batzuk hainbat konposaturi dagozkie); egunero ukitzen ditugun substantzien kopuru itzela da, baina kosmetikoetan erabiltzen diren substantzia kimikoen % 20 bakarrik ebaluatu dira; askoren eragina ez da ezagutzen. Oro har, munduan, azken hamarraldietan, toxikoak izan daitezkeen 100.000 substantzia baino gehiago merkaturatu dira, kalterik egiten ez dutela frogatu gabe. Bakarka substantzien % 10 baino ez dira aztertu, baina ez dira kontuan hartu organismoan nahasten direnetan sor daitezkeen ondorio konbinatuak; askotan, bete gabe geratu da "Arreta Printzipioa": behar bezala aztertu ez dena merkatuan ez sartzeko.
Hori dela eta, garrantzitsua da INCI delakoa (Osagai Kosmetikoen Nazioarteko Nomenklatura, International Nomenclature of Cosmetic Ingredients) irakurtzen ikastea; kosmetikoen eta higiene-produktuen osagaiak latinez idatzia agertzen dira, kantitatearen arabera ordenatuta: handienetik txikienera. Mugikorrean erabiltzeko doako aplikazioak (Ingred) INCIren argazki bat atera eta automatikoki identifikatzea ahalbidetzen du. Red Ecoestética sarearen web orrian, poltsikoan eramateko doako gida bat dago, zientifikoen arabera arriskutsuak diren substantzia garrantzitsuak jasotzen dituena; deskarga daiteke eta etxean ditugun edo erosi nahi ditugun produktuak aztertu.
BAZENEKIEN...
Kosmetikoen iturri esklusiboa natura zen, petrokimika, industrializazioa eta merkantilizazioa heldu arte. Xaboia orain dela 2.300 urte sortu zen; erromatarrek, zeltek, feniziarrek eta arabiarrek erabiltzen zuten. XIX. mendearen erdialdera, zerga askoren karga ezarri zitzaion; xaboia erabiltzea aberastasunaren eta heziera onaren seinale zen. Sumertarrek 3.500 urte Kristo aurretik sortutako perfumeak ezagutzen dira eta makillajea Mesopotamian jada erabiltzen zen; kosmetikoek konnotazio sakratuak zituzten eta apaizak, hildakoak edo jainkoak eta jainkosak gantzutu edo makillatzeko erabiltzen ziren.
Kosmetikoek toki garrantzitsua eduki dute zibilizazio guztietan. XIX. mendearen bigarren erdian, gainera, oinarri zientifikoa eskuratu zuten, horien erabilera orokortu egin zen, eta gaur egun duten garrantzia edukitzeraino hedatu ziren.
Legearen arabera, kosmetikotzat jotzen da giza gorputzeko azaleko zatiekin edo hortzekin eta aho-mukosekin kontaktuan jarriko den edozein sustantzia, horiek garbitu, perfumatu, itxuraldatu, babestu, egoera onean zaindu edo gorputz-usainak zuzentzeko.
2013ko martxoaren 11tik, Europako araudiak dio ezin dela Europar Batasunean komertzializatu animalietan probatutako kosmetikorik; hala ere, oraindik ere badaude lege-hutsune batzuk, produktu horiek merkatuan sartzeko aprobetxatzen direnak. Hori dela eta, produktuek animaliekin probatu gabe egin direla ziurtatzen duten zigilu edo ziurtagiriak daramatzatela egiaztatu behar da.
ZER EGIN DEZAKET NIK…?
- Kontuan izan iraungitze data eta produktua ireki ondoren zenbat denboratan –gehienez– erabili behar den.
- Ez ireki produktuak erabiltzen hasi baino lehen.
- Behin irekita, produktuen iraupena gordetzeko tokiaren eta erabilera baldintzen araberakoa da; horregatik ezinbestekoa da higiene absolutua eta honako gomendio hauek aintzat hartzea:
- Produktua erabiltzen duzun bakoitzean, erabili ondoren, itxi pote, flasko edo ontzi guztiak.
- Mantendu kosmetikoak argitik eta berotik urrun, une guztietan.
- Ez da komenigarria gure kosmetikoak beste pertsona batzuek ere erabiltzea.
- Berehala utzi aplikatzeari eta erabiltzeari, narritaduraren bat eragiten badute.
- Inoiz ez utzi eguzkitan edo toki oso beroetan aerosoletan dauden edertasun-produktuak, sukoiak izan daitezkeelako.
- Animalietan probatu ez diren produktuak erosi, informazioaren laguntzarekin (LIST NOT TESTED ON ANIMALS ) edo produktuan CRUELTY FREE edo NOT TESTED ON ANIMALS zigilua bilatuta.
GEHIAGO JAKITEKO...
- The Story of Cosmetics. The Story of stuff
- Ingred aplikazioa: doan jaisteko hemen
- Kosmetikoen osagaiei buruzko poltsikoko gida: hemen doan deskargatzeko
- Agencia Española de Medicamentos y Productos Sanitarios: Información sobre cosméticos y cuidado personal
- Vivir sin plástico
- Test Your Knowledge Of Cosmetics Safety: 8 Myths Debunked. 2010eko uztaila. EWG.
- The Story of Cosmetics. The Story of stuff. 2010eko uztaila
- MON-ek egindako kalkulua, batez besteko 70 urteko bizitzan oinarrituta.
- Organic goes upscale. Urria. 2006. Vogue USA.
- Marketing required for warer-efficient products to succeed in Beauty and personal care. 2016-05-02. Maria Coronado Robles. Euromonitorea.
- Datuak: Ekoestetika Sarea. Kosmetika ekonaturalari buruzko 2. gida, profesionalentzat. 2012. 7-8. orr.
- Microesferas. 2016-09-05. Greenpeace.