PENTSATU
Planetako aberastasun gehiena munduko ekonomia kontrolatzen duten herrialde gutxi batzuen esku dago. Herrialde garatuak dira, eta iparraldeko herrialdeak, “lehen mundua” edo “herrialde aberatsak” ere esaten zaie. Biztanleentzako gutxieneko ongizate-mailarik ez daukaten eta beren baliabide naturalak kontrolatzen ez dituzten herrialdeak gutxien garatuta daudenak dira, eta hegoaldeko herrialdeak, “hirugarren mundua” edo “herrialde pobreak” ere deitzen zaie. Talde horretan, Latinoamerikan, Afrikan eta Asian dauden herrialde asko barne hartzen dira.
Gainera, Ipar-Hego banaketa ez zaie soilik herrialdeei osorik aplikatzen; aitzitik, errealitatea askoz ere konplexuagoa da. Hala, herrialde guztiek daukate beren “ipar-hegoa”, hots, pobrezia, gizarte-gatazkak eta marjinazioa dauden eta hegoaldeko herrialde txirotuen ezaugarri berberak dituzten zonak. (ikus "Globalizazioa" fitxa).
BAZENEKIEN...
KANPO-ZORRA
Kanpo-zorra herrialde batek beste batzuekiko dituen betebeharren batura da; zor publikoaz (estatuak egina) eta zor pribatuaz (partikularrek kanpoan egina) dago osatuta.
Berez, zorpetzea ez da txarra, norberaren baliabideak gordetzea eta ustiatzeko besteen baliabideak jasotzea ahalbidetzen duelako. Hala ere, arazoa sortzen da zor hori ez denean benetan erabiltzen eskatu zen helbururako. Hortaz, azpigarapenaren kausetako bat da, ez hori konpontzeko bidea. Hona hemen herrialde baten zorpetze larrirako ohiko arrazoiak: hondamendi naturalak, epidemiak, laborantza berrietan egindako inbertsioak, funtsen administrazio desegokia eta abar.
IPAR-HEGO MENDEKOTASUNA
Nekazaritza-sektorean dagoen hegoaldearekiko mendekotasuna hobeto ulertzeko, aintzat hartu behar da nekazaritzako elikagaien industriak ondo bereizitako lau ekoizpen-fase dauzkala:
- Haziak hautatzea, makinak, tresnak, ongarriak eta pestizidak ekoiztea
- Lurra lantzea
- Nekazaritza-produktuak eraldatzea
- Eraldatutako produktuak banatzea eta saltzea
Garapen-bidean dauden herrialdeek bigarren fasea baino ez dute kontrolatzen; gainerakoak nazioarteko korporazio handiek eta Iparraldeko herrialdeek kontrolatzen dituzte. Emaitza mendekotasuna eta menderakuntza dira.
Horrela, herrialde industrializatuen nagusitasun ekonomikoak bere horretan jarraitzen du, eta horiek beraien joko-arauak ezartzen dizkiete beste herrialdeei munduko merkatuan, parekotasunik gabeko trukearen, nazioarteko merkataritza askearen, kanpo-zorraren eta multinazionalen bidez.
ZER EGIN DEZAKET NIK…?
Izan jakitun egoera horretaz eta bilatu informazioa beste mota batzuetako merkataritza-harremanei buruz, esate baterako, (ikus "Bidezko merkataritza" fitxa), bidezko merkataritzari buruz; horrek komunitate ekoizleen eta eskualdeko ekonomien garapena babesten du, jasangarria eta ekonomiaren ikuspegitik orekatua den garapen baten bitartez.
Boluntariotza-ekintzetan ere parte hartu ahal dezakezu, Espainian eta atzerrian, Hegoaldeko herrialdeen egoera eta Iparraldeko herrialdeen arazoak ezagutzeko. Gainera, beste kulturetako pertsonak ezagutuz gero, hobeto ulertuko dituzu beren lurraldeetako mundu-ikuskerak, eta horrek ikasten ditugun kultura-estereotipoak baztertzen lagunduko dizu. Benetako kultura trukaketa aberasgarria da, munduari buruz daukagun ikuspegia zabaltzeko modua.