Etxeko kontsumoa

Etxeko kontsumoa

PENTSATU

Lur planetan dagoen uraren % 3 bakarrik da giza kontsumorako egokia den ur geza; gainerako % 97a itsaso eta ozeanoetako ur gazia da. Ur geza horretatik, % 79 izotz moduan aurkitzen da, % 20 lurpeko uretan dago eta soilik % 1 da azaleko ur geza.

Aurreko datuetatik ondoriozta daitekeen moduan, edateko ura, giza kontsumorako egokia dena, oso ondasun urria da.  Espainiar bakoitzak, batez beste, 1 eta 2 litro bitartean edaten ditu egunero eta 35 eta 70 litro ur bitartean gastatzen ditu garbigailu bat pizteko, 8 eta 20 litro bitartean platerak ontzi-garbigailuaz garbitzen baditu eta 100 ere eskuz garbitzen baditu. Janaria prestatzeko, 6 eta 8 litro bitartean gastatzen ditu bakoitzean. Dutxatzeko, ematen duzun denboraren arabera, 35 eta 70 litro bitartean erabiltzen dituzu. Bainu bakoitzean, 200 litro. Txorrota itxi gabe hortzak garbituz gero, egunero 30 litro ur gastatzen dira batez beste. Itxiz gero, 1,5 litro. Komuneko urak 8 eta 10 litro bitarteko gastua dakar.

Europan, pertsona bakoitzak batez beste 144 litro ur geza erabiltzen du egunean –etxeko kontsumoa–. Hau da, gizakiaren oinarrizko beharrak betetzeko behar dena baino hiru aldiz gehiago. Tamalez, egunero erabiltzen dugun ur gehiena alferrik galtzen da.

Izan ere, ura bezalako ondasun mugatua alferrik galtzeaz gain, ur hori gure etxeraino ekartzeko erabilitako energia ere botatzen dugu zaborrera; izan ere, batzuetan, gure etxetik ehunka kilometrora dauden urtegietatik etortzen da. Gainera, txorrotatik ateratzen den eta erabiltzen ez dugun ura araztegietara joaten da, eta jada ezin da berriro edateko erabili. Seguruenik, ureztatzeko ur moduan erabiliko da.
 

 

BAZENEKIEN...

Zer gertatzen da etxean erabili, zikindu eta kutsatu dugun urarekin?

Erabilitako urak edo hondakin-urak harguneen edo adarren (hustubideen) bitartez husten dira; horien bidez, ur horiek sortzen diren guneak eta hurbileko estolderia lotzen dira. Estolderia-sarea, oro har, kolektore batean amaitzen da, eta kolektorea hondakin-uren araztegi batera daraman hustubide bati lotuta egoten da.

Hondakin-urak arazteko estazioetan egiten den tratamenduaren helburua kutsatzaileen kopurua murriztea da, ingurumenari ahalik eta kalte txikiena egingo dion ura lortzeko. Horretarako, ura iragazkietatik pasatzen da eta zenbait substantzia kimiko erabiltzen dira –adibidez, koipegabetzaileak– ezpurutasunak bereizteko. Araztegi batzuek metodo biologikoak baliatzen dituzte, hau da, mikroorganismoak eta bakteriak botatzen dituzte uretara, ur horretan dauden nutrienteak –hala nola nitratoak– jan ditzaten.
 

Araztegiak instalatu behar dira ur «zikinak» ahal den neurrian garbitzeko eta, horrela, naturara itzultzean naturak azken leheneratzea egin ahal izan dezan, berriro kontsumitze aldera. Ingurumenera ur oso zikin edo oso kutsatuak itzuliko bagenitu, naturak denbora luzea beharko luke leheneratzeko, eta kasu batzuetan leheneratzea ezinezkoa litzateke; izan ere, itzulitako ur pozoituaz suntsituz, naturak leheneratzeko dituen mekanismoak deuseztatuko genituzke.

Hondakin-uren araztegietako tratamenduaren helburua da ahalik eta kutsagarri-kantitate handiena murriztea eta ingurumenerako ahalik eta kaltegabeena den ura lortzea. Hori erdiesteko, tratamendu-mota desberdinak erabiltzen dira, urak daramatzan kutsagarrien arabera. 

 

Araztutako ura ibaira edo itsasora isur daiteke berriro, ubide baten bidez. Hala ere, ura behar bezala araztu bada, laboreak, lorategiak edo kirol-instalazioak –adibidez, golf zelaiak– ureztatzeko ere erabiltzen da. Egia esateko, Europan, araztegietatik pasatzen den ur osoaren % 2,4 baino ez da berrerabiltzen, eta inoiz ezin da erabili gizakiek kontsumitzeko.
 
Ura lortzeko beste modu bat, mende honetan erabiltzen hasi dena, gezatzea da, ur geza itsasoko uretatik edo ur gazikaratik lortzeko prozesua, ur iturri amaiezina da beraz. Oso erabilgarria da lehorteek kaltetutako lurretan, itsasotik hurbil, adibidez, Levanteko kostaldean eta Andaluzian. Izan ere, Espainian hain da garrantzitsua, non Europako lehen instalazioa hemen eraiki zen.

Ura gezatzeko instalazio gehienek destilazioa edo osmosi alderantzikatua erabiltzen dute. Lehenengo kasuan, ur gazia irakitan jartzen da eta lurrundu egiten da, lurruna kondentsa dadin eta edateko ur bilaka dadin. Bigarren kasuan, presio handiko ponpa batzuek ur gazia iragazki oso meheetatik igaroarazten dute, gatza eta bestelako mineralak kentzeko. 

Horren zati negatiboa zera da: ura gezatzeko instalazioek energia kantitate izugarria kontsumitzen dutela. Ur gezatua giza kontsumorako erabili nahi izanez gero, elektrizitate gehiago erabiltzen duten tratamendu osagarri batzuk behar ditu. Bestalde, itsasoko ura gezatzeko estazioak oso kutsatzaileak dira eta gatzuna izeneko hondakina sortzen dute (erauzitako gatz kontzentratuak), zeinak, behar bezala bildu ezean, itsasoko ura kutsatzen baitu.
 

 

 

ZER EGIN DEZAKET NIK…?

Ondasun hori gizakiak bizirik irauteko eta bere bizi-kalitateari eusteko erabat beharrezkoa denez, kontsumo arduratsua behar da eta, beraz, etxean, eskolan, parkeetan, opor-lekuan eta abarretan portaera-arau erraz baina eraginkor batzuk aplikatu behar ditugu. 

  • Uraren erabilera desegokia denoi eragiten digun arazoa da. Lagunak, senideak edo auzotarrak ura xahutzen ikusten badituzu, ura aurreztearen garrantzia aipa diezaiekezu.
  • Hortzak garbitzean, ez utzi txorrota irekita.Baso bat bakarrik urez bete, eta hori erabili, ahoa garbitzeko.
  • Bete konketa neurriz aurpegia eta eskuak garbitzeko edo bizarra egiteko. 12 litro aurreztuko dituzu minutuan.
  • Ez erabili komuna zaborrontzia balitz bezala: jarri paperontzi bat.
  • Halaber, gurasoei aholka diezaiekezu komunean eta sukaldean ura aurrezteko gailuak instalatzeko aukera azter dezatela.
  • Ez utzi txorrotei tantarik isurtzen. Hilean 170 litro ur aurreztuko dituzu batez beste.
  • Dutxatu, bainatu beharrean. Bakoitzean 150 litro ur aurreztuko dituzu batez beste. Dutxak 5 eta 10 minutu bitartean irauten badu.
  • Itxi apur bat etxebizitzako uraren ixteko giltza; ez duzu diferentziarik igarriko eta ur-kantitate handia aurreztuko duzu egunero.
  • Erabili garbigailua eta ontzi-garbigailua guztiz beteta eta programa egokiarekin. Eskuz garbitzen duzunean, % 40 ur gehiago kontsumitzen duzu.
  • Ureztatu landareak eta lorategia ilunabarrean edo egunsentian. Erabili ureztapen-sistema automatikoak, tantakakoak edo aspertsiozkoak. Gainera, badaude etxeko sistema batzuk, konketan edo dutxan erabilitako ura berriz erabiltzeko, komunontzirako edo landareak ureztatzeko. Horretarako, ingurumenean hondarrik uzten ez duten detergente eta xaboi ekologikoak erabili behar dira.
  • Egon adi eskolan tanta-jarioa duten txorrotarik edo komuneko tangarik ba ote dagoen ikusteko. Esan irakasleari ahalik eta lasterren konpon dezaten.
  • Hoteletan, egoitzetan, kanpinetan eta bisitatu eta goza dezakezun beste edozein lekutan, egin etxean egiten duzun gauza bera: baliabideak aurreztuz, ingurumena babesten laguntzen duzu. 
  •  

GEHIAGO JAKITEKO...