PENTSATU
Azken urteetan, sortutako hondakinen kopurua izugarri handitu da. Espainiako biztanle bakoitzak 442 kilogramo hondakin sortzen du urtero, hau da, Europar Batasuneko batez besteko biztanle batek baino % 9 gutxiago; hala ere, Espainiako hondakindegietan dauden hondakinen kantitatea % 53 handiagoa da Europako beste herrialdeetan baino, EAE Business School-ek 2021ean argitaratu zuen azterketaren arabera.
Arazo nagusietako bat gehiegizko ontziratzea da, batez ere plastikozkoa.
2021eko uztailaren 3an, indarrean jarri zen Europako 2019/904 (EB) Zuzentaraua, erabili eta botatzeko plastikozko artikuluak –besteak beste, lastotxoak, kotoi-zotzak, mahai-tresnak eta platerak– saltzea debekatzen duena, kutsaduraren kontra borrokatzeko.
Europar bakoitzak plastikozko ontzien 34,4 kilogramo hondakin sortzen ditu urtean. Europako biztanle bakoitzak, 2019an, batez beste 34,4 kilogramo plastikozko ontzi sortu zituen, Eurostaten arabera; hondakin horien % 41 birziklatu ziren, hau da, 14,1 kg biztanleko.
- 9 eta 12 tona plastiko bitartean heltzen dira itsasora urtean.
- Kalkulatzen da 2050. urterako arrain baino plastiko gehiago egongo direla itsasoan.
HONDAKINIK ONENA SORTZEN EZ DENA DA!
BAZENEKIEN...
Hondakin kopuru itzel hori gure kontsumo neurrigabearen ondorioa da, batez ere herrialde garatuetan. Erabili eta botatzen duen belaunaldia bihurtu gara. Erabili eta botatzeko produktuez baliatzeaz gain, arropa, altzariak, mugikorrak, ordenagailuak eta beste gauza asko ere azkar baztertzen ditugu.
Egoera hori alda dezakegu, gure kontsumo-azturak aldatuz. Horrela, planetan uzten dugun aztarna murriztuko dugu eta gauza material gutxiagorekin bizi ahalko gara; hortaz, gure bizitza benetan garrantzitsua dena sentiarazten diguten une eta esperientzietan aberatsagoa izango da.
Urrezko 6 arau hauei jarraitu ahal diegu. Oso garrantzitsua da urratsak hurrenkera honetan egitea:
- HAUSNARTU gure kontsumo-azturei buruz.
- ARBUIATU behar ez duguna.
- MURRIZTU behar duguna.
- BERRERABILI, erabili eta botatzeko gauzen ordez aukera berrerabilgarriak baliatuz eta 2. eskuko produktuak erosiz.
- KONPONDU ahal dugun guztia, objektuen bizitza baliagarria ahalik eta gehien luzatzeko.
- BIRZIKLATU arbuiatu, murriztu, berrerabili edo konpondu ezin duguna.
ZER EGIN DEZAKET NIK…?
Ikus "Askotariko materialak birziklatzea" fitxa, eta, gainera:
SAIHESTU ERABILI ETA BOTATZEKO GAIAK
- Paper-zapiak. Ia denetarako paper-zapiak daude: higienikoak, komuna, kristalak, altzariak, larrua, zorua eta abar garbitzekoak... Ez dira batere beharrezkoak, eta komunera botatzen direnean matxura larriak sortzen dituzte saneamendu-sarean (estolderiak, araztegiak eta abar).
- Belarrietarako kotoi-txotxak. Tapoiak edo infekzioak sortu ahal dizkizute, eta komunetik botatzen badituzu, txikiak eta finak direnez, erraza da hondakin-urak iragazteko sistemetatik ihes egitea eta ibaietara eta itsasora heltzea. Paper-zapi fin bat edo oihalezko zapi bat erabil dezakezu.
- Lastotxoak. Egiatan ez dituzu behar, ez dira inoiz degradatzen eta mina eta heriotza eragiten dizkiete milioika animaliari. Soilik Estatu Batuetan 500 milioi lastotxo ekoizten dira egunero.
- Kafe-makinetarako kapsulak. Gehienak plastikoz eta aluminioz eginda daude, ez dira birziklagarriak eta mila milioika kontsumitzen dira.
- Eramateko kafea. Kartoizko edalontziek plastikozko estaldura daukate, estalkiak eta irabiagailuak ere plastikozkoak dira. Hartu zure edaria patxadaz kafetegian.
- Arbuiatu ketchup- eta maionesa-zorrotxoak, gurin- eta marmelada-zati indibidualak eta abar.
- Paperezko zapiak. Oihalezkoak erabil ditzakezu.
- Erabili produktu kargagarriak: pilak (botoi-pila batek daukan merkurioak 600.000 litro ur kutsatzeko gaitasuna du), portaminak, pizgailuak, azpimarragailuak, bolalumak, zuzentzeko zintak, bizar-aitzurrak, buru ordezkagarria duten hortzetako eskuilak.
- Hoteletan ematen dizkizuten xanpu, gel eta krema txikiak. Garbitzeko zeure produktuak eraman ditzakezu ontzi kargagarrietan.
- Esan agur ur botilatuari. Edan iturritik (ipini iragazki bat etxean, nahi baduzu) eta dirutza handia aurreztuko duzu urtean. Irteten zarenean, eraman zeurekin berriz betetzeko altzairu herdoilgaitzezko botila bat (Espainian 5.000 milioi ur-botila erabiltzen dira urtero).
- Prestatu janaria! Saihestu janari aurrekozinatu eta ontziratua. Osasuna ere irabaziko duzu.
- Erabili benetako mahai-tresnak.
- Erabili oihalezko ezpainzapiak.
- Erabili ontzi berrerabilgarriak.
- Saihestu aluminio-papera eta plastikozko filma janaria kontserbatzeko. Filmaren ordez, plater bat edo beirazko potoak erabil ditzakezu. Hobe da kristalezko zakote-ontziak erabiltzea, plastikozkoak baliatu beharrean (gogoratu 3 geziz osatutako triangelu batean 2, 4 edo 5 kodea dutenak direla mikrouhin-laberako egokiak).
- Ez bota erabilitako olioa harraskara edo komunera. Utzi olioa flasko itxi batean bilketa-gune batean edo aurkitu nola birziklatzen den zure herrian.
- Ohiko dendetan erosiz gero, hondakinen % 60 ere sortzea saihesten da.
- Erosi ontziratu gabeko eta bilgarririk gabeko produktuak.
- Eraman askaria oihalezko poltsatxo batean edo zakote-ontzi batean. Horrela, aluminio-paperezko hondakin asko aurreztuko dituzu.
- Tetrabriketako zukuen ordez, botila berrerabilgarri bat urez edo etxean egindako zukuez bete dezakezu. Aukera hobea eta osasungarriagoa da.
HONDAKINAK SAIHESTEKO BESTE MODU BATZU
- Dutxako gel-botilen ordez, xaboi-pastillak erabil ditzakegu.
- Energiaz dabilen aparatuak erosten dituzunean, hautatu sare elektrikora konekta daitezkeenak, eguzki-gailuak dauzkatenak edo pilarik gabe dabiltzanak. Pilak erabili beste erremediorik ez badago, egin ahalegina beti kargagarriak izan daitezen.
- Opariak egiterakoan, hautatu materialak ez direnak. Hona hemen ideia batzuk:
- Zinemarako, antzerkirako eta abarretarako txartelak.
- Masaje-saio bat edo egonaldi bat bainuetxe batean.
- Afari edo bazkari baterako bale bat.
- Egonaldiak hoteletan, aterpeetan edo kanpinetan.
- Bidaia bat.
- Museo, kontzertu edo ikuskizunetarako txartelak.
- Geuk eskuz egindako opariak (argazki-posterrak, jostailuak, dekorazioak…).
- Liburu, CD, bideo-joko edo pelikula bat erosi baino lehen, zure liburutegian badaukaten begiratu dezakezu.
- Noizean behin erabiltzen dugun zerbait alokatu, edo maileguan eska dezakegu. Adibidez: jai baterako baxera, liburuak, pelikulak, lo-zakuak eta kanpadendak, mozorroak, kiroletarako gaiak…
- Pentsatu produktuen bizitza luzatzea lortzen badugu hondakin bihurtzeko denbora gehiago beharko dutela. Zenbait aukera dauzkagu hori erdiesteko:
- Erosi produktu iraunkorrak eta kalitate onekoak. Garestiagoak izan daitezkeen arren, luzarora ekonomikoagoak izango dira, merkeek baino gehiago iraungo dutelako.
- Egin produktuen mantentze ona eta konpondu apurtzen direnean (adibidez: jostailuak, altzariak, etxetresna elektrikoak…).
- Eman behar ez duzuna aprobetxa dezakeen norbaiti (auzotar bati, lagun bati, GKE bati…).
- Bisitatu truke-azokak edo 2. eskuko merkatuak. Musika, altzariak, arropa, haurrentzako gaiak, kiroletakoak, etxetresna elektrikoak eta abar aurkituko dituzu.
PAPERA: AURREZ DEZAGUN MODU ERRAZEAN
Paperaren erabilera neurrigabeak baso-baliabideen gainustiapena, produktu kimiko kutsagarrien (kloroa, metal astunak, sufrea…) erabilera eta ur- eta energia-xahupena areagotzen ditu. Paperaren erabilera neurritsuagoa egiten badugu, haren kontsumoaren ingurumen-inpaktua murrizten lagunduko dugu eta, aldi berean, dirua aurreztuko dugu. Hona hemen ideia batzuk:
Erabil dezagun ondo papera:
- Erabili papera 2 aldeetatik: idatzi, inprimatu edo fotokopiatu 2 aldeak baliatuz. Paper-kantitatearen erdia erabiliko duzu.
- Berrerabili papera: alde batean bakarrik idatzitako paperak badauzkazu eta jada ezertarako balio ez badute, ez bota; erabili oharrak hartzeko edo zirriborroak egiteko.
- Kalkulatu behar dituzun kopien kopurua eta berrikusi dokumentuak inprimatu baino lehen.
Baliatu Internetez eta informatikaz tinta eta papera aurrezteko:
- Erabili formatu elektronikoa: edozein dokumentu edo argazki digital inprimatu baino lehen, irakurri informazioa edo ikusi argazkia ordenagailuaren pantailan zuzenean.
Arbuiatu nahi ez duzun publizitatea:
- Gure postontzietako publizitateari “EZETZ” esan diezaiokegu publizitaterik ez sartzeko itsasgarri bat ipiniz.
Erabil dezagun klororik gabeko paper birziklatua:
- Paper birziklatua fabrikatzeko, paper arrunta fabrikatzeko energia baino % 40 gutxiago behar da.
- Tona bat paper fabrikatzeko, gutxi gorabehera 15 zuhaitz, 50.000 litro ur eta 300 kg petrolio baino gehiago behar dira.
- Erabili klororik gabeko paper birziklatua edo ekoiztean ingurumen-inpaktua txikiagotu dela bermatzen duen ziurtagiri ekologiko bat daukana.
- Ez dugu paper birziklatua arbuiatu behar, ez koloreagatik ez inprimagailurako balio ez duelako ideia faltsuagatik.
HONDAKINEN ARRISKUGARRITASUNA MURRIZTEKO HAUTABIDEAK
Pilek, intsektizidek, pinturek, disolbagarriek, garbiketa-produktuek, aerosolek, kolek eta abarrek ingurumenerako oso kaltegarriak diren elementuak dauzkate. Kasu batzuetan, horien ordez hain kaltegarriak ez diren produktuak erabil ditzakegu; beste batzuetan, aldiz, kontsumoa arrazionalizatu besterik ezin dugu egin.
Garbiketa-produktuak:
- Etxea garbitzeko: garbitu urez eta limoiez, ozpinez, boraxez edo bikarbonatoz.
- Saihestu detergente gogorrak: erabili xaboi naturala.
- Hodi-libratzaile gisa: erabili bikarbonatoa, ozpina eta ur irakina.
- Zurezko altzariak garbitzeko: igurtzi zati 1 limoiz eta 2 zati oliba-olioz.
Pestizidak, intsektizidak, herbizidak eta fungizidak:
- Sitsen aurka: erabili izpilikua edo tabako-orriak.
- Inurrien aurka: limoia espezieekin (iltzea, piperbeltza, pipermina).
- Euli eta eltxoen aurka: eltxo-sareak eta belar aromatikoak (menda, erromeroa, albaka eta abar ).
- Lorategiko izurrien kontra: zipriztindu xaboi-uraz.
Aerosolak, espraiak:
- Zipriztingailuak, brotxak, pintzelak eta barrak edo hodiak erabil ditzakegu kosmetika-produktuetarako.
Brikolaje-produktuak:
- Disolbagarriak dituzten pinturen ordez: ur-pinturak.
- Pintzelak trementina-esentziaz garbitu beharrean: garbi ditzagun ozpin beroaz, urez eta xaboiaz.
- Disolbagarriak dituzten kolen ordez: erabil ditzagun ur-kolak edo kola zuriak.
- Desugertzaileen ordez: erabil ditzagun errasketak edo beira-papera.
Automobilerako produktuak:
- Ez ditzagun bota olioak eta izotz-kontrakoak estolderia edo hustubideetara. Eraman ditzagun puntu berdera. Gasolina-zerbitzugune eta mekanikari batzuek ere biltzen dituzte olio erabiliak.
- Eraman ditzagun beti bateria zaharrak puntu berdera.
- Bateria zaharrak beti garbigunera eraman ditzagun.
GEHIAGO JAKITEKO...
- EUROPAKO PARLAMENTUAREN ETA KONTSEILUAREN 2019/904 (EB) ZUZENTARAUA, 2019KO EKAINAREN 5EKOA
- Plastikozko produktu jakin batzuek ingurumenean duten inpaktua murrizteari buruzkoa
- Ecoblognonoa
- Vvivirsinplastico
- Alargascencia
- El plastico mata
- Ecologismos
- Blog.sinplastico
- La Eco Cosmopolita
- The Story of plastic (marrazki bizidunak, film laburra)
- The Story of plastic (dokumentala)
- Directorio de tiendas a granel
- Doako aplikazioa "Zero waste", hondakinak murrizteko, Espainian produktuak ontziratu gabe saltzen dituzten "zero waste" (hondakinik gabe) denden lokalizatzailearekin