PENTSATU
Bide-segurtasuna guztion kontua da. lbilgailuek eta oinezkoek zenbait arau bete behar dituzte, trafiko-istripuak eragozteko. Zu ere zure hiriko bide-segurtasunaren parte zara, eta, beraz, zentzuz jokatu behar duzu.
BAZENEKIEN...
Debekatuta dago:
- Ibilgailu motordunak edo ziklomotorrak gidatzea gida-baimen edo zirkulazio-baimen egokia eduki gabe.
- Erabiltzen ari zaren bidean objektuak edo gauzak (poltsak, paperak…) botatzea edo uztea.
- Gidatzen duzun bitartean aurikularrak erabiltzea.
- 12 urtetik beherako bidaiariak eramatea ziklomotorretan edo motozikletetan, sidekarra edukita edo ez, edozein bidetan. Salbuespen kasuetan, 7 urtetik gorako bidaiariak eraman daitezke baldin eta beren gurasoetakoren batekin edo tutorearekin badoaz.
- «Ihes-hodi librea» delakoa daramaten ibilgailuak gidatzea, eztanda-isilgailu egokia ez badaukate.
- Bide publikoetan abiadura-lehiaketak egitea, salbu eta, kasu jakin batzuetarako, agintari eskudunek bideok mugatzen badituzte.
- Txirrindulariak aurreratzea, 1,50 metroko segurtasun-tartea utzi gabe.
- Gidatzen duzun bitartean telefono mugikorra erabiltzea, arreta larriki galtzea eragiten baitu.
- Segurtasun-uhalik gabe gidatzea. Ibilgailuan bidaiatzen duten pertsona guztiek lotu behar dute.
- Haurrek beren adinaren arabera dagokien segurtasun-aulki homologatu eta egokietan jesarrita bidaiatu behar dute beti.
- Bizikleta, moto edo patineteetan espaloietatik zirkulatzea.
- Garraiobide jakin batzuetan ibili bitartean kaskoa ez erabiltzea, adibidez, motozikletetan.
- Ibilgailu eta motozikletak nahitaezko asegururik gabe ibiltzea
KALETIK OINEZ BAZOAZ
- Espaloitik jaitsi eta bidea gurutzatu baino lehen, begiratu eskuinaldera eta ezkerraldera.
- Bidea gurutzatu baino lehen, ziurtatu semaforoa gorri edo berde dagoen. Zebra-bideetan adi ibili.
- Errepidetik oinez zoazean, ezkerretara geratzen zaizun bide-bazterretik joan zaitez beti, hau da, parez pare ikusten dituzun ibilgailuen kontrako norabidean; hartara, gidari horiek ikusi egingo zaituzte.
- Lagunekin zoazean, ilaran joan beti.
- Gauean jantzi kotxeek zu ikusteko moduko arropa, hau da, arropa argia edo islatzailea.
- Oinez zoazela, ez erabili telefono mugikorra edo tableta; ez zara ohartuko zure inguruan gertatzen denaz, eta istripu bat eduki dezakezu, zure inguruan gertatu dena ez "ikusteagatik".
- Kontuan izan ez zarela zu kaletik zoazen bakarra; pertsona eta ibiligailu asko daude.
BIZIKLETAN ETA PATINETEAN IBILTZEN ZARENEAN
- Ziurtatu denak ondo funtzionatzen duela: balaztak, argiak, gurpilak, eta abar.
- Ziurtatu arauzko argiak daramatzazula: aurreko argia, zuria edo horia, eta atzeko argia.
- Kaskoa jantzi ezazu, eta, ahal baduzu, estali zure belaunak belaun-babesekin.
- Gogoratu bizikleta pertsona bakarrarentzat dela.
- Zoaz bide baimenduetatik, eta beti zure eskuinaldetik. Espaloia erabiltzeko, nahitaezkoa da bizikletak zirkulatzeko biderik ez egotea.
- Ez ezazu orduko 40 kilometroko abiadura gainditu.
- Galtzadan maniobrarik egin behar baduzu, eman garaiz horren berri gainerako ibilgailuei.
- Gauez ibili behar baduzu, arropa argia janztea komeni da; horrez gain, derrigorrezkoa da txaleko islatzailea soinean izatea.
- Errepidetik bazoaz, hobe ilara bakarrean joatea; hala ere, bikoteka ere joan daiteke. Saiatu eskuinaldetik joaten, horrela ibilgailuak seguruago ibiliko baitira.
- Errepidetik bazoaz, trafiko-seinaleak errespetatu.
SKATE-AN BAZOAZ
- Skateentzat gaitutako guneak eta espaloiak erabiltzen saiatu, eta errespetatu beti oinezkoak.
- Skatea, legez, ez da ibilgailu bat; ez da ziklomotor bat. Ondorioz, errepidean skatea erabiltzen baduzu, oinezkoen arauak bete behar dituzu.
- Espaloietan joan zaitez beti zure eskuinaldetik.
- Ibili kontuz, eta errespetatu bide publikoko gainerako erabiltzaileak.
- Lagunekin bazoaz, ez zaitez taldean joan; zoaz beti ilaran.
- Inoiz ez ibili ibilgailu bati lotuta; erori eta istripu bat eragin dezakezu.
- Erabili kaskoa (eta, ahal baduzu, baita belaun-babesak eta ukondo-babesak ere).
TAXIA HARTZEN BADUZU
- Taxira sartu eta berehala, jar ezazu segurtasun-uhala.
- Ezin da eserlekuan jauzi egin, ez eta ibilgailuko gainerako bidaiariak urduritu ere.
- Ez ezazu ibilgailua zikindu.
- Ez ezazu autoaren gidaria gogaitu.
- Irtetean, espaloitik hurbil dagoen atea baino ez erabili. Beste atea zabaltzen baduzu, martxan dagoen ibilgailu bat jotzeko edo hark zu jotzeko arriskua duzu. Gainera, istripu larria eragin diezazuke.
METROZ BAZOAZ
- Ez hurbildu gehiegi erreietara. Itxaron nasan.
- Sartu baino lehen, utzi irteten jaitsi nahi duten bidaiariei.
- Metroz zoazen bitartean, ez ibili arineketan, eta ez gogaitu jendea.
- Utzi eserlekua libre pertsona nagusiei, haurdun dauden emakumeei, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei.
- Metrotik jaitsi nahi baduzu, astiro egin ezazu, inori bultza egin gabe. Metrora igo nahi baduzu, lehenik eta behin barruan daudenei jaisten utz iezaiezu.
AUTOBUSA/AUTOKARRA ERABILTZEN BADUZU
- Itxaron autobusari horretarako baimendutako lekuetan. Autobus-geltokirik ez badago, itxaron beti espaloian.
- Garaiz sakatu geratzeko botoia.
- Eskolako autobusean bazoaz, egin kasu zurekin doazen irakasle edo begiraleen gomendioei.
- Autokarrean zoazenean, segurtasun-uhala lotuta egon behar da beti. Derrigorrezkoa da.
- Autokarrean ez zaitez arineketan ibili korridorean; ibilgailua martxan dagoen bitartean, eserita egon behar duzu.
- Zaindu zure ingurua, eta ez ezazu zaborrik utzi eserlekuetan.
- Ez ezazu altuegi hitz egin, eta ez jarri musikarik aurikularrik ez baduzu.