PENTSATU
Egungo gizarteak, batez ere mendebaldeko munduko hiri handiek, gero eta hondakin gehiago sortzen dituzte. Hondakin horiek tratatzea, kasu askotan, zaila eta garestia izaten da, eta ingurumenari kalte egiten diote. Gehienak zabortegietara botatzen dira edo erre egiten dira eta, horrela, beste kutsadura-arazo batzuk sortzen dira.
Birziklatzea ez da krisi horretarako behin betiko irtenbidea, muga ugari ditu eta. Azken urratsa izan beharko luke, hausnartu, arbuiatu, murriztu, berrerabili edo konpondu ostean (gogoratu urrezko 6 arauak).
Hondakinak banantzeko eta gaikako bilketako sistemak erabiltzeko ardura geuri, kontsumitzaileoi, dagokigu zuzenean; hortaz, geure aukera pertsonalak zehaztuko du produktu bat birziklatuko den ala ez.
Pertsona bakoitzak 13 kilo aluminiozko eta latorrizko lata inguru botatzen ditu urtero, hots, 6 milioi lata baino gehiago Espainia osoan; horiekin 17.500 kamioi bete genitzake. Urtero 20 milioi telefono mugikor baztertzen dira gutxi gorabehera, eta asko zuzenean zakarretara joaten dira.
Sortzen ditugun hondakinen % 20 eta % 25 bitartean papera eta kartoia dira. Birziklatutako kartoi tona bakoitzarekin 2 metro kubiko zabortegi, 140 litro petrolio, 50.000 litro ur eta 15 zuhaitzen bizitza aurrezten dira.
BAZENEKIEN...
ZABORRAK HAUTATZEA ETA BIRZIKLATZEA
Gero eta produktu gehiago saltzen dira latetan, beiratan, plastikotan, kartoitan edo bestelako materialetan ontziratuta; ontziok zakarretan xahututa geratuko dira banan-banan bildu eta birziklatu ezean.
Zaborra hautatzeak eguneroko keinua izan behar du: birziklatzeko lehen urratsa da. Birziklatzeak ingurumena babesten laguntzen du, lehengaiak eta energia aurreztuz eta airera, uretara eta lurrera isurtzen diren agente kutsagarriak murriztuz. Hori dela eta, oso garrantzitsua da zaborra gaika sailkatzen ikastea, osatzen duten materialak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Birziklatuz hondakin-kantitatea murriztea lortzen dugun arren, ingurumenean benetan eragin positiboa izango lukeena gure jokabidea aldatzea izango litzateke, hondakinak sortzen dituzten produktuen kontsumoaren ordezko hautabideak bilatuz.
PLASTIKOA BIRZIKLATZEARI BURUZ
Plastikoak mehatxu larria dira ingurumenerako, nagusiki bi arrazoirengatik: mota guztietako produktuetan masiboki erabiltzen dira eta astiro degradatzen dira. Kalkulatzen da 180 urte inguru behar dituztela deskonposatzeko, baina denbora hori plastiko motaren arabera aldatzen da.
8.300 milioi tona plastiko inguru fabrikatu dira haren ekoizpena hasi zenetik, alegia, 1950az geroztik gutxi gorabehera; hori 1.000 milioi elefanteren eta 47 milioi balea urdinen pisuaren baliokidea da.
Munduan ekoitzi den plastiko guztiaren % 9 inguru soilik birziklatu da, % 12 erre da eta % 75 baino gehiago naturan amaitu da.
Plastikoaren industriak kode batzuk garatu ditu; normalean ontzien oinarrian ikus daitezke eta gure osasunerako kaltegarrienak direnak identifikatzeko eta saihesteko bidea ematen digute. Gaur egun, kontzientziazio handia dago plastikozko poltsa tradizionalei buruz, azalera handietan horien ordez hautabide iraunkorrak erabiltzen ari baitira, adibidez, errafiazko poltsak edo poltsa birziklagarriak.
Pentsatu behar dugu azken horiek, bioplastiko direlakoak, ez direla diruditena bezain irtenbide jasangarria eta ez dutela hondakinak sortzearen arazoa konpontzen; izan ere, erabili eta botatzearen kulturari eusten diote.
LATAK BIRZIKLATZEARI BURUZ
Mundu guztian milioika lata kontsumitzen dira. 10 latatik 7 aluminiozkoak dira, eta 3, altzairu ijeztuzkoak. Jakin behar dugu aluminioak 500 urtez hondakina izaten jarraitzen duela eta altzairuaren ekoizpena oso prozesu kutsagarria dela. Hortaz, garrantzitsua da kontsumo arduratsua egitea: ahal den neurrian itzultzeko ontziak erabiltzea, eskulanak eginez berrerabiltzea eta birziklatze zuzenean parte hartzea.
Aluminiozko latak
Aluminioaren erauzketak ingurumen-kostu handia dakar; izan ere, tona bat aluminio lortzeko, gutxi gorabehera 4.000 kilo bauxita (oihaneko zorupean dagoen minerala) eta 500 kilo petrolio-koke erauzi behar dira.
Aluminioa nahi adina aldiz birzikla daiteke, bere ezaugarriei eusten dielako beti. Aluminioz egindako produktuen % 50 aluminio birziklatutik dator. Merkatuan dagoen aluminioaren % 75 duela 100 urte fabrikatu zen. Espainian, aluminiozko laten birziklatzea % 67ra heltzen da, eta herrialde batzuetan proportzioa % 90raino igotzen da.
Altzairu ijeztuzko latak (metalezko edo latorrizko latak ere esaten zaie)
Metalezko latak birziklatzea oso prozesu garestia eta kutsagarri samarra da, baina altzairua fabrikatzea baino askoz gutxiago, zeren eta siderurgiak kutsadura handia sortzen duten enpresak baitira.
PAPERA ETA KARTOIA BIRZIKLATZEARI BURUZ
Basoen eta paperaren etorkizuna ez da oso oparoa; izan ere, kontsumo-erritmoak eta -moduak orain arte bezala jarraitzen badute, zura fabrikatzeko erabilgarriak diren zuhaitz-espezieen kopurua % 40 murriztuko da.
Basoak desagertzearen ondorioz, berotegi-efektua areagotuko da, basamortuek aurrera egingo dute, munduko gosea handituko da eta abar. Paper erabili gehiago berreskuratu, berrerabili eta birziklatu behar dugu premiak asetzeko eta gure basoen eta bertako faunaren desagerpena saihesteko.
Erabili paper birziklatua ahal duzun guztietan. Haren abantailak begi-bistakoak dira: zuhaitz gutxiago mozten dira eta energia aurrezten da. Iberiar penintsulan ekoitzitako paperaren % 43 berreskuratzen da; horrek esan nahi du erdia baino gehiago zaborretara botatzen dela.
MUGIKORRAK BIRZIKLATZEARI BURUZ
Urtero gutxi gorabehera 50 milioi tona hondakin elektroniko sortzen dira munduan, eta % 70 eta % 90 bitartean tratamendu egokiarekin berrerabil litezke.
Horrelako hondarren kopurua handitzeak oso osagai kutsagarriak hedatzea dakar, adibidez, merkurioa, litioa edo koltana; material horiek behar bezala tratatu ezean, ingurumenerako eta osasunerako kaltegarriak izan daitezke. Espainian bakarrik, telefono mugikorrak birziklatzeak 60.000 tona CO2 isurtzea ekiditen du. Mugikor-bateria batek daukan kadmioak 600.000 litro ur ere kutsa litzake (gutxi gorabehera 2.600 bainuontziren baliokidea).
Zaborra ez da aukera egokia jada nahi ez dugun edo balio ez digun mugikorrerako. Mugikorrak birziklatzeko plan bat daukan GKE bati laga diezaiokegu; esate baterako, Oxfam Intermóni eta Amnistia Internatzionalari. Lortzen den dirua zenbait kausatarako ematen da dohaintzan.
Garrantzitsua da jakitea kasu horietan badagoela gure telefonoa ez desmuntatzeko aukera; aitzitik, bigarren bizitza bat eduki dezake beste norbaiten esku. Horregatik, ez ahaztu fabrikako doikuntzak berrezarri behar ditugula eman baino lehen, gure datu pertsonalak arriskuan ez jartzeko helburuarekin.
HONDAKIN ORGANIKOEI BURUZ. KONPOSTAJEA
Etxean sortzen ditugun hondakinen % 50 inguru gai organikoak dira. Hondakin horiek eraldatzen eta birziklatzen errazenak dira, konpostaje-prozesu izenekoaren bidez; horren bitartez, materia organikozko hondarrak eraginkorra den eta ingurumena errespetatzen duen ongarria bihurtzen dira: KONPOSTA.
Gai organikoak banandu, eta Administrazioak kudeatutako konpostaje-instalazioetara helaraz ditzakegu, edo geure konposta egin dezakegu etxeko konpostontziez.
Teknologia sinplea eta ekonomikoa da edozein motatako zabor biodegradagarria aprobetxatzeko eta erabilera praktiko bat emateko. Gainera, horrela zabortegietan lekua okupatzea ekiditen da.
ZER EGIN DEZAKET NIK? NON BOTAKO DUT?
ONTZI ARINAK. Gogoratu ontziak zanpatu behar direla bolumena murrizteko.
BAI
- Plastikozko ontziak eta poltsak
- Tetrabrikak
- Latak eta aerosolak
- Plastikozko edo kortxo zurizko erretiluak
- Metalezko estalkiak eta xaflak
- Aluminio-papera
- Etxeko jatorrizko plastikozko potoak eta loreontziak
- Sinbolo hau daukan edozein ontzi arin
EZ
- Kasete-zintak, VHSak
- CDak, DVDak eta disketeak
- Ontziak ez diren plastikoak
- Jostailuak
- Ehunak eta zapatak
- Ontzi beteak
- Produktu toxikoen ontziak
BEIRA. Gogoratu beirazko ontzi hutsak bota behar direla, tapoi eta estalkirik gabe.
BAI
- Beirazko botilak
- Beirazko potoak
- Beirazko beste ontzi batzuk eta aerosolak
- Sinbolo hau daukan beirazko edozein ontzi
EZ
- Bonbillak eta fluoreszenteak
- Kristal lauak eta ispiluak
- Zeramika eta portzelana
- Platerak, kopak eta edalontziak
PAPERA ETA KARTOIA. Garrantzitsua da kartoia tolestea, horrela gehiago sartuko baita edukiontzian.
BAI
- Paperezko orriak
- Egunkariak eta aldizkariak
- Kartoizko kutxak
- Biltzeko papera
- Sinbolo hau daukan paperezko edo kartoizko edozein ontzi
EZ
- Tetrabrikak
- Aluminio-papera edo paper plastifikatua
- Paper zikina (olioa, pintura, janaria eta abar)
- Paperezko zapiak eta eskuoihalak
- Sukaldeko papera
- Libretetako espiralak
ORGANIKOA. Gogoratu hondar organikoez landareentzako ongarria egin daitekeela.
BAI
- Fruta- eta barazki-hondarrak
- Haragi- eta arrain-hondarrak
- Ogi-hondarrak eta janari-hondarrak oro har
- Paperezko zapiak
- Janariz zikindutako sukaldeko papera
- Kafe- eta infusio-hondarrak
- Landare-hondar txikiak
EZ
- Pixoihalak, konpresak eta tanpoiak
- Janari likidoen eta olioen hondarrak
- Erraztatzeko hautsa eta xurgagailu-poltsak
- Errautsa eta zigarro-mutxikinak
- Pestizidez tratatutako landare-hondarrak
- Tratatutako egurrak
- Sendagaiak
- Gorozkiak eta bestelako animalia-hondarrak
- Ehunak eta larruzko gaiak
SUKALDEKO OLIO ERABILIA.
BAI
-
Utzi flasko itxi batean bilketa-gune batean edo aurkitu nola birziklatzen den zure hirian
EZ
- Ez bota inoiz harraskara edo komunera
ERREFUSA
Errefusa beste edukiontzi batera joan ezin dena da. Gogoratu materia organikoa edukiontzi horretan utz dezakezula horretako edukiontzirik ez badaukazu.
BAI
- Pixoihalak, konpresak eta tanpoiak
- Errautsa eta zigarro-mutxikinak
- Jostailu apurtuak
- Erraztatzeko hautsa eta xurgagailu-poltsak
- Zeramika eta portzelana
- Kristalezko platerak, edalontziak eta kopak
- Animalien gorozkiak
EZ
- Beira
- Papera eta kartoia
- Ontzi arinak
- Hondakin arriskutsuak
- Aparatu elektriko eta elektronikoak
ARROPA ETA OINETAKOAK.
Arropa eta oinetakoak egoera onean uzten badituzu, behar dituzten beste pertsona batzuek erabili ahalko dituzte. Zure arroparen bizitza luzatuko duzu eta kolektibo behartsuetako pertsonei berriro laneratzen lagundu diezu, gizarte-lanak egiten dituzten erakundeen bitartez.
BAI
- Egoera onean dauden arropa eta zapatak (plastikozko poltsa itxien barruan)
- Eskuko poltsak, bizkar-zorroak, gerrikoak eta abar
- Tapakiak eta izarak
EZ
- Trapu zaharrak
- Egoera txarrean dauden arropa edo oinetakoak
APARATU ELEKTRIKO ETA ELEKTRONIKOAK.
Funtzionatzeko korronte elektrikora konektatuta egon behar duten edo pilak edo bateriak daramatzaten aparatu txiki eta handi guztiak dira. Aparatua oraindik baldin badabil, lehenengo eta behin pentsa ezazu ea eman, oparitu edo eskugainean sal dezakezun.
BAI
- Aparatu berri bat erosten duzun saltokira eraman ditzakezu. Aparatu txikiak azalera handietara eraman ditzakezu, nahiz eta berririk ez erosi.
- Zure herriko puntu berdera eraman ditzakezu. Aparatu txikiak birziklatze-kamioira ere eraman daitezke.
EZ
- Ezin dituzu edukiontzietara bota edo kalean utzi
- Ez dira trasteak biltzeko zerbitzuaren bidez biltzen
BESTE HONDAKIN BATZUK:
Sendagai iraungiak, farmazia-produktuen hondarrak, jada behar ez duzun edozein sendagai eta haien ontziak farmazietan biltzen dira.
Bonbilla eta fluoreszenteetarako, bilketa-guneak aurkituko dituzu etxetresna elektrikoen saltokietan eta zenbait lokal publikotan (auzoko etxeetan, merkatuetan, bulegoetan...). Halaber, puntu berdeetara eta birziklatze-kamioira eraman ditzakezu.
Pila eta baterietarako bilketa-guneak daude dendetan, azalera handietan, supermerkatuetan, eraikin publiko batzuetan, parke berdeetan eta birziklatze-kamioietan. Ez bota zakarretara.
GEHIAGO JAKITEKO...
Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen webguneak:
- Ecología Verde
- Arpal. Aluminiozko produktuak birziklatzeko elkartea
- Oxfam Intermón. Zergatik da garrantzitsua papera birziklatzea?
- Nola birziklatu papera eta kartoia
- Mugikorra birziklatzeari buruz: gatazkarik gabeko teknologia
- Zure mugikor zaharraz bizitzak alda ditzakezu
- Nola sailkatu hondakinak etxean
Gomendatzen da pelikula eta bideo hauek ikustea gelan gogoeta egiteko
Esteka hauetan aluminioa birziklatzeko ideiak aurkituko dituzu:
Konpostajeari buruzko informazio gehiago: